Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdizko proiektuaren harira parlamentuak hartutako akordioa salatu zuen Otondo alkateak ortziralean

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 11a, 13:00

Nafarroako Parlamentuak Magnak Erdizen egin nahi duen meategi egitasmoa Foru Intereseko Inbertsio izendatu zuen joan den ortzegunean. Biharamunean, Errefusaren Txapelketako sarien banaketa-ekitaldian, parlamentarien eta Lurralde Kohesiorako kontseilarien aitzinean, «Erdizko lurrak Baztangoak direla, tokiko erakundeen ahalmenen gainetik pasatzen ari direla eta hori ez dela onartzen ahal» aldarrikatu zuen Otondo alkateak.

Joan den ortziralean Errefusaren Txapelketako sariak banatu zituzten Nafarroako Parlamentuan, biztanleko hondakin guttien sortu zuten herri eta mankomunitateen artean. Baztango Basaburuko kuartela Nafarroako garaile izan zen, eta beraz Joseba Otondo alkateak hitza hartzeko aukera izan zuen.

Hitza hartzean, Otondok bezperan parlamentuan hartutako akordioa salatu zuen, Magnak Erdizen egin nahi duen meategi egitasmoa Foru Intereseko Inbertsio izendatu zuena. Parlamentari eta kontseilarien aitzinean aldarrikatu zuen «Erdizko lurrak Baztangoak direla, tokiko erakundeen ahalmenen gainetik pasatzen ari direla eta hori ez dela onartzen ahal».

Gogora ekarri zuen «lehen ere Aroztegiko proiektua Udalez Gaindiko Eragina duen Plan gisa tramitatu zutela eta Erdizekin berriz egiten badute, bigarren aldia izanen dela». Gehitu zuenez, «horrelako jokabideekin tokiko erakundeak zangopean hartzen dituzte, erakunde hauen izatea berea kinkan utziz».

Azkenik «jokabide horrek horrela segitzen badu, Pio Barojak aldarrikatzen zuen Bidasoko Errepublika aldarrikatu beharko dela» erran zuen, «tokiko erakundeak errespetarazteko».

Taldeko argazkia ateratzean Anizko eta Berroetako alkateek eta Baztango alkateordeak Erdizko galdeketaren aldeko kartelak atera zituzten eta Otondok Erdiz Bizirikeko kamiseta eraman zuen kontseilaria ondoan zuela.

Hondakinen kudeaketa

Hondakinen kudeaketa ere izan zuen solasgai Otondok eta hiru arlo nagusi daudela azpimarratu zuen: prebentzioa, organikoaren bereizketa eta balorizazioa. Hauetako bakoitzak «helburu eta epe zehatzak» ditu; «2020 urterako hondakinen sorkuntza 2010 urteari buruz %10 jaitsi nahi zen. Organikoren bilketa 2020 urterako %50ekoa izatea nahi zen eta balorizazioa  %50ekoa. Baztango Udala Nafarroako talde aitzindarian ibili da hondakinen kudeaketan, baina balorizazioa ez bertze, gainerako helburuak ez ditu bete ahal izan. Hortaz, ez da elkarri xaboia emateko tenorea, gogoeta kritikoa egitekoa baizik».

Euskal Herritik atera gabe, Gipuzkoako Goierriko Sasietako Mankomunitatean edota Arabako Kripan-Eltziegon «datu onak ikusten ahal direla» adierazi zuen; «bietan ere funtsezko aldagaia da derrigorrezkoa dela».

Hortaz, Nafarroan nagusi den borondatezko sistemarekin «hondakinen sistema ez dela gehiago hobetuko» adierazi zuen, eta «akordio politiko zabala behar dela borondatezko sistematik derrigorrezkora pasatzeko. Hori da orain arteko bideak erakutsi duena. Akordio zabal horren gerizpean, udal eta mankomunitateek urrats berri hori ematen ahalko dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun