Baztandik Sunbillara N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko lanak aitzinera doaz Oronoz-Mugairiko biribilgune berria eraikita, eta errepide hori eta N-121-B errepidea banatzeko bidegurutze bezala erabiliko da.
Bernardo Ziriza, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Xavier Flores, Espainiako Garraio Ministerioko Azpiegituretako idazkari nagusia zati horretako obrak ikusten izan dira gaur, hondeaketen % 80 eta betelanen eraikuntzaren % 65 dagoeneko egina dagoenean. Beraiekin batera, Joseba Otondo Baztango alkatea, Florentino Goñi Baztango herrilan zinegotzia, eta Jorge Oteiza Oronoz-Mugairiko alkatea izan dira.
Lanak aitzinera
Baztan eta Sunbilla arteko zatiak 11,5 kilometro ditu, eta lanek 21 milioi euroko aurrekontua dute. Obrak 2023aren erdialdean akitzea aurreikusi dute. Lanen bidez, ibilbidearen zati handi batean hirugarren aurreratze-errei bat izanen da, bertze noranzkotik segurtasun-hesi zeharkaezin batekin bereizia, aurrez aurreko eta zeharkako talkak saihesteko, horiek baitira N-121-A errepideko istripu gehien eragiten dutenak.
Modu berean, bi biribilgune berri eginen dituzte, Oronoz-Mugairin eta Donezteben, eta Sunbillako hegoaldeko sarbide berri bat, beheko biribilgune bat eta N-121-A errepiderako gaineko pasabide bat. Gaur egun hiru herri horietako jarduketa bereziak lantzen ari dira.
Oronoz-Mugairiko biribilgune berriak N-121-A eta N-121-B errepideen arteko bidegurutzea berritzeko aukera emanen du. Lanak aitzineratuak dituzte, bai, baina halere, Oieregiko tunelaren hegoaldeko sarbiderako lanak egiteko eremu hori obretarako erabili behar denez, tuneleko obrak akitu bitartean ez da biribilgunea martxan paratuko.
Donezteben dagoeneko hondeatuta dago zerbitzu-eremuaren eta IAT geltokiaren ondoan paratuko den biribilgune berria. Duela gutxi, mendiko euste-harri-lubeta akitu dute, eta, gaur egun, bertze aldean, ibaiaren ondoan, euste-harri-lubeta bat egiten ari dira, biribilgunearen zirkulazio-eraztunaren plataformari eusteko.
Sunbillako lotune berriari dagokionez, N-121-A errepidearen gaineko pasabide bat eta errepidearen beheko aldean geratuko den biribilgunea eraikitzeko desbideraketak prestatzen ari dira. Horretarako, biribilgunearen gainean 56 metroko zubia egin beharko dute.
Era berean, Sunbillako lotunearen eta Doneztebeko IATaren artean zerbitzu-bide berri bat eraikitzeko zuloak eta hondeaketak egiten ari dira. Errepide nagusitik hesi bertikalaren bidez bereiziko den bidea izanen da. Gaur egun Sunbillarako sarreran dagoen biribilgune zatitua kenduko dute.