Ortziralean Angelun egin zuten ekitaldi ofiziala, Erresuma Batuko Royal Air Forceko ordezkaritza eta guzti. Larunbatean, Larresoroko Deabruaren Zubian zuten hitzordua eta Cométe Sareko Lagunen Elkarteak omenaldia eskaini zien sarean parte hartu zuten kideei, duela sei urte bertan ezarri zuten oroitarrian.
Igandean, azkenik, Ezpeletatik Ihi Lepora ibilaldia egin zuten, garai batean sareko kideek egiten zutenaren berdintsua eta Ihi Lepon bertze oroitarri bat ezarri zuten. Ekitaldian izan ziren Ezpeleta eta Baztango alkateak, baita Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria ere. Oroigarriak Comète Sareko lau kide gogoratzen ditu: Jean-Baptiste eta Pierre Aguerre anaiak, Jean Elizondo eta Etxegoien. Eta hauekin batera, bereziki, oroitarritik 500 metrora Baztango lurretan dagoen Jauregiko Bordako Xan Mihura. Mugalari hauei esker, 126 hegazkin-pilotok lortu zuten Erresuma Batura itzultzea. Horietako bat izan zen Ian Covington. 1944ko urtarrilaren 4an pasa zen Jauregiko Bordatik Londresera bidean eta 78 urte beranduago Tom bere semeak kontrako bidea egin zuen eta bere aitari babesa eman zion familia ezagutzeko aukera izan zuen: Xan Mihuraren alaba Josefa, 91 urtekoa eta Juanbi Mihura biloba, bertzeak bertze. Eskoziako Celtic Spirit taldeko gaita-jotzaileak ekitaldian izan ziren eta Agur Jaunak abestu zuten.