Isilean egin beharreko lana zen. Eta erdi isilean igaro da historiako gertakarietan ere haiek egindakoa. Bizia arriskatuz, bizitzak salbatu. 1941 eta 1944 urteen artean aritu zen lanean Cométe sarea eta euskal herritarren laguntza ezinbertzekoa izan zen. 800 hegazkin piloto Piriniotako mugaren beste alderat eramatea lortu zuen sareak. Horietatik 80 inguruk Urdazubi eta Baztango lurretan barna egin zuten bidea, Jauregiko bordako Xan Mihura bidelagun izanda. Xanen senideekin bildu da TTIPI TTAPA bere istorioa ezagutzeko asmoz.
Bigarren Mundu Gerran, bonba eta fusil soinuak gogor aditzen ziren garaian,Euskal Herriko muga ihesbide garrantzitsua bilakatu zen ezkutuan Alemaniako nazien aurka ari zirenentzat.
Comète sarea izan zen iheslariak eta hegazkin-pilotu aliatuak Bidasoaren alde batetik besterat eramaten aritu zen sarerik ezagunena.Gidariak Londrestik abiatzen ziren Holanda, Belgika edo Frantzia aldera, alemaniarrek okupatu zituzten lurraldeen aurka bonbak jaurtitzera. Hegazkin haietako aunitz lurrera botatzen zituzten naziek eta gertakari horietan bizirik lurreratzen ziren hegazkin-gidarien biziraupena bermatzea zen sarearen egiteko bat. Ihesian zebiltzan hegazkin-pilotu horiei elkartasuna eta babesa luzatzen zieten Comète sarekoek, zauriak sendatu, jatekoa eman, etxeetan gorde, eta pausa baten ondotik berriro ere aliatuen alderat itzultzen laguntzen zieten.
XAN MIHURA
Xan Mihura izan zen sareko laguntzaile horietako bat. Baztango lurretan, Lapurdiko mugatik hurbil bizi zen bere familiarekin. Hain zuzen, Lizartzuko kaxko azpian dagoen Jauregiko bordan. Artzaina zen ofizioz, eta kontrabandotik lortzen zuen familia aurrera ateratzeko beharrezko gehigarria, mugaren alde batetik bertzera puntillak, pelikulak... eramanaz. Ezpeletako Aguerre anaien eskutik iritsi zitzaion Comète sareko kide izateko gonbidapena eta arriskuak ulertuta onartu egin zuen.
SAREKO KIDEAK
Comète sareko laguntzaile euskaldun gehienak kontrabandistak ziren. Ingurua ezagutu eta lanak zekarren arriskua ongi ezagutzen zutenak.
XANEN IBILBIDEAK
Jauregiko bordatik 500 metro eskasera zegoen Lapurdiko muga eta horregatik toki hagitz estrategikoa zen. Bertan hegazkilariak jaso eta Jauregiko bordara eramaten zituzten, bertan indarrak hartu eta zaurituta bazeuden sendatzeko. Biharamunean abiatzen ziren Mortaleneara, 15 kilometroko bidea eginaz. Haren seme zaharrenak ere, Ignacio eta Justo Mihurak, lagundu izan zieten bidean. Bide garrantzitsu eta ezagunenak ekiditen zituzten eta hala ibilbidea osatzeko «Lauzeta, Lizartzu, Antseteiko lepoa, Ojonxilo, gaur egungo Gorramendiko pistatik hurbil,Itzulegi, Intzpideko lepoa, Meakako lepoa eta Altxuko bordatik barrena» iristen ziren Mortaleneara.
Mortaleneatik Erratzura eramaten zituzten eta handik gero Donostiara joaten ziren bizikletan. Gero Madril, Gibraltar, Londres... aldera iristeko. Amaiurko Kanttorreneko bordara (Kanteroneara) ere eramaten zituzten hegazkinlari batzuk. Ibilbidea berdina zen baina Itzulegira iritsi aurretik eskuinerantz hartzen zuten.
ADOREA
«Beti zegoen beldurra, Guardia Zibila eta alemaniarrak baserrira etortzen zirelako noiznahi. Baina bizitzan ausardia izan behar da».
Ignacio MIHURA (Xan Mihuraren semea)
ADOREA
«Lau edo bortz hegazkinlariko taldeak izaten ziren, paisanoz jantziak eta ez zuten mendiko oinetakorik erabiltzen».
Justo MIHURA (Xan Mihuraren semea)
Ignacio eta Justok gogoan dute gaiaren inguruan isiltasuna zela nagusi, «isilean eramaten zen lana zen, adibidez Urdazubi eta auzoko baserrietan ez zekiten gure sabaian hegazkinlariak izkutatzen genituenik, ezta aita eta anaiak mugalari gisara ibiltzen ginenik ere». Ongi mantendu zuten sekretua, «80 hegazkinlari inguru pasa ziren Jauregiko Bordatik eta muga pasatzeko bidean, ez zen bakar bat ere galdu».
OMENALDIA ETA IBILBIDEA
2014ko irailaren 13an Euskal Herriko Comète Sareak omendu zuen Xan Mihura Urdazubin egindako bilkuran. Ezpeleta eta Jauregiko Bordako bidea osatu zuten bertaratu zirenek, tartean, Xanen seme-alaba, biloba eta birbilobek. Urtero egiten dute bilkura Euskal Herriko Comète sareko kideek eta 2016ko ospakizunetan Xanek egin ohi zuen ibilbidearen bigarren zatia berreskuratu nahi dute. Jauregiko bordatik Mortalenearako bide zatia oinez eginaz.
IGNACIO ETA JUSTO, XAN MIHURAREN SEMEAK
«Armarik gabe borrokatuta alemaniarrei aurre egitea lortu zuten»
Gogoan duzue aita nola egin zen sareko kide?
Bi anaia kontrabandista zeuden, Pierre eta Baptiste Aguerre, Ezpeletako Burruntxalinea baserrikoak. Alemaniarrak gibeletik zituzten. Eta badirudi haien bidez sartu zela Xan Comète sarean. Konfidantzazko mugalariei eskaintzen zieten sareko parte izateko aukera, serio eta segurunei. Laguntzaile horietako asko gainera gerra zibileko erbesteratuak ziren.
Nola egiten zuten Jauregiko Bordatik Erratzurako bidea?
Lehen mailako bideak ekiditen zituzten, xendak erabilita eta mendiz gaindi joanda. Lau edo bortz hegazkinlariko taldeak izaten ziren, paisanoz jantziak eta ez zuten mendiko oinetakorik erabiltzen.
Nolakoak ziren hegazkinlariak?
Beti ikaraz egoten ziren, eta ez zen harritzekoa Gestapokoak atzetik zituzten eta baita naziak eta frantziarrekin kolaboratzen zuen gendarmeria eta guardia zibil espainiarria ere. Baina nabari zen jende jatorra zela, edukazio onekoa eta ongi hezitakoa.
Komunikatzeko nola moldatzen ziren beraiekin?
Xanek bazekien frantses pittar bat eta hegazkinlariek beste pixka bat, horrela moldatzen ziren.
Non eta nola jasotzen zituzten hegazkinlariak?
Baptiste, eta Pierre Aguerre eta Pierre Etchegoyenek hegazkinlariak ekartzen zituzten Ezpeletatik, Larresorotik mugaraino. Bertan Xanek jasotzen zituen, jaten eman eta belartegian egiten zuten lo. Hurrengo egunean zeharkatzen zuten muga. Xanek ez zuen hegazkinlari bat ere galdu eta larogei edo pasatu ziren gure baserritik.
Beldurra ere sentituko zenuten…
Beti zegoen beldurra, Guardia Zibila eta alemaniarrak baserrira etortzen zirelako noiznahi. Baina bizitzan ausardia eduki behar da.
Familiak nola bizi zuen egoera?
Familia baserritik bizi zen eta kontrabandoa eta mugalari lana… arriskutsuak izan arren, aurrera egiteko laguntza gehigarriak ziren guretzat.
Armarik hartu gabe gerraren parte garrantzitsua zineten...
Xan artzaina izateaz gain, bizitza osoan egon zen mugari lotua. Pertsonak, lehengaiak… alde batetik bertzera pasaz ibiltzen zen. Hegazkinlariei emandako laguntza bere ustetan ez zen gerra, bere bizimodua zen.
Ez da gehiegi hitz egin izan gai honetaz...
Aukera sortu zen eta egin egin zen, muga pasatzen lagundu zitzaien. Gerra bukatu zenean, bukatu egin zen hura. Bakoitza berera itzuli zen. Orain hasi dira omenaldiekin eta, iaz omendu zuten aita Urdazubin eta polita izan zen familia guztia aitzakia horrekin elkartzea eta berak egindako bideetatik barna ibiltzea.