Andres Jaurena Azkarraga

«Baztanen 4x4 trialerako afizio haundia sortu da»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 11a, 09:00

Duela 12 urte hasi zen Jaurena Ordokiko 4x4 triala antolatzen Arizkunen.

Ordoki 4x4 trialeko antolatzailea da Andres Jaurena Azkarraga arizkundarra. Abuztuaren 27an eta 28an egin zuten ekimenaren X. edizioa Ordoki industrialde ondoan, 27 ibilgailuk parte hartu zuten eta jende andana bildu zen bertan.

Noiz egin zenuten lehenbiziko aldiz Ordokiko 4x4 triala?

Duela 12 urte hasi ginen Ordoki 4x4 triala antolatzen, 2010ean. Azken bi urtetan ezin izan dugu egin eta aurten hamargarren edizioa izan dugu.

Nola sortu zen ideia?

4x4 ibilgailu ttiki bat nuen eta horrekin buggy bat egitea bururatu zitzaidan, eta kit bat erosi nuen horretarako. Aldaketa egin genuen baina ez zuen IATa pasatu eta ezin izan nuen homologatu, eta tailerreko zoko batean utzi nuen. Donezteben hemen baino urte bat lasterrago egin zen triala eta orduan pentsatu nuen «hautsi dezagun autoa». Saltoak egiten eta astokeriatan aritu ginen eta arras gustura ibili ginen. Gero Bizkaian egin zen proba batera ere joan ginen, eta aunitz gustatu zitzaigun. Gu bezala, herri ttikitto batean antolatu zen, eta pentsatu genuen guk hurrengo urtean horrelako zerbait eginen genuela. Lagunak ezagutu genituen eta nola egiten zen azaldu ziguten, eta horrelaxe animatu ginen egitera, 3-4 lagun elkartuta.

Nola aldatu da geroztik?

Hasmentan Ordokiko industrialdean bertan egiten genuen, eta hor izan zen lehenbiziko sei urteetan. Etxetik hurbil genuen eta erosoagoa zen dena muntatzeko, baina ez zegoen desnibelik eta pista urtero egin eta desegin behar genuen. Industrialdea betetzen hastean, eraikinak egin zituzten eta lekurik gabe gelditu ginen. Orain Latadia etxeko eremuetan egiten dugu eta naturalagoa da, desnibela eta zuhaitzak ditu… truko gehiago egiten ahal dira. Horrez gain, nahiko hobetu da; ibilgailuak hobetu dituzte, jende gehiago etortzen da, azpiegitura landuagoak ditugu, aseguruak egiten ditugu pilotu eta publikoarendako, anbulantzia bat dugu… dena hobetu da.

«Antolakuntzan herriko gazteen laguntza handia dugu»

Andres Jaurena, 4x4ko antolatzailea

Lan handia da?

Bai, ez du iduri baina lan handia du gibeletik. Hilabete bat lehenagotik hasten gara aseguruak eta dena programatzen. Gainera, autofinantzatzeko lagunen eta hurbileko negozioen laguntza behar izaten dugu. Afizioa handia eta enpresaren bat duten batzuk aunitz inplikatzen dira.

Eta antolakuntza lanetarako ere jendea beharko duzue, ez?

Bai, lantalde polita gara eta herriko gazteen laguntza haundia dugu; txukun portatzen dira, zerbitzari eta epaile lanetan aritzen dira, basura biltzen, aparkalekua antolatzen… 15 gazte inguruko taldea dugu. Afaria eta kamisetak ematen dizkiegu ordainetan.

Orokorrean trialerako afizio handia badago?

Bai, Arizkunen eta Baztanen 4x4rako afizio haundia sortu da.

Nola funtzionatzen du trialak?

Asteburuan elkartzen gara partaideekin eta larunbat arratsaldean hasten da lehiaketa. Igande goizean bigarren txanda egiten da eta gero balorazioa egiten dugu; puntuazioak konparatu, akatsak, penalizazioa, denborak… laburpen bat egiten dugu eta gero podiuma egiten dugu irabazleekin, opariak ematen dizkiegu, zozketak egiten ditugu…

Zenbat kategoriatan aritzen dira parte-hartzaileak?

Lau kategoria ditugu. Lehenbizikoa kotxe homologatuena da, errepidean ibiltzen direnak, matrikulatuak. Bigarrena modifikatuena, pixka bat hobetuak, zirrika haundixeagokoekin, adibidez. Hirugarrena ibilgailu promodifikatuena da, nahiko hobetu direnak; suspentsio altuagoekin, iraulketarik ez izateko barrekin… eta azken kategoria prototipoena da, ongi prestatutako ibilgailuak; aitzineko eta gibeleko direkzioarekin, blokeoekin…

27 ibilgailuk parte hartu dute guzira aurtengo Ordoki 4x4 trialean.

Eta ongi ibiltzen dira trialeko pistatik?

Bai, zona bakoitza lau kategoriendako prestatua dago eta koloretan banatzen da; xuria, horia, beltza eta gorria. Hasi aitzinetik solasaldi bat egiten dugu partaideekin eta nola funtzionatzen duen azaltzen diegu, bakoitzak zein koloretatik ibili behar duen jakiteko. Desberdintasunak hain haundia ematen ez badute ere, dena kalkulatuta dago lau kategoriak pasatzeko eta pista makil eta koloreekin markatzen dugu. Europan egiten den Eurotrialetik hartu ditugu arauak, gureak ez dira hain zorrotzak, baina erreferentzia gisa balio izan digute.

Nola baloratuko zenuke aurtengo edizioa?

Arras ona, jende kopuru polita ibili da eta denborak lagundu du. Ostatua ere paratu dugu, autofinantzatzeko balio diguna, eta ongi saldu da. Etekina ez da arras handia izanen, baina heldu den urtean segitzeko bai. Gustura ibili gara, ez dugu arazorik izan Sepronarekin ongi portatu baikara, nahaste handirik egin gabe.

«Aurten jendetza bildu gara eta giro polita izan dugu»

Andres Jaurena, 4x4ko antolatzailea

Bi urte geldirik egon ondotik, jendea gogotsu egonen zen aurtengo trialerako, ez?

Bai, denak gogotsu ginen eta bertze urtetan baino jende gehiago elkartu gara asteburuan. Partaideen aldetik ere inoiz baino gehiagok parte hartu dute; bertze urtetan 18-20 ibilgailu izaten dira eta aurten 27 izan ditugu. Gu kontent gelditu gara, giro polita izan dugu eta lagunekin elkartzea eta trago batzuk hartzea ere goxo izaten da.

Nongo parte-hartzaileak izan dituzue?

Baditugu Baztango hiru edo lau, baina aunitz etortzen dira Bizkaitik, Gipuzkoatik, Burgosetik… Galiziatik ere etorri izan dira, baina aurten ezin izan dute. Ez dira hain urrunekoak, baina jendea mugitzen da, bai.

Urte aunitzez segitzeko asmoa duzue?

Bai, trabarik paratzen ez badigute bederen bai. Eta hemengo gazteen aldetik segida izanen duela ikusten dut, nire semeek ere afizioa dute eta laguntzen aritzen dira eta urte dezentez segituko duela pentsatzen dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun