Txokoto Tabernak, Elizondoko Herriaren laguntzarekin, liburu mikroazoka antolatu du igandean Braulio Iriarte karrikan. Goiz eta arratsaldez eginen da azoka, 10:00etatik 19:30era, baina 14:00etan etenaldia eginen dute parte hartzaileek Txokoton bazkaltzeko. Hainbat liburu-denda eta argitaletxe izanen dira azokan; Muga, Walden, Re-read, Kaxkamelon, Maiatz, Balea zuria, Pamiela, Sare antifaxista eta Dragon comics.
Antolatzaileek adierazi dutenez, «giro literario-kulturala sortzea du helburu, egun arrunt batean topatuko ez den eskaintza bizitzeko aukera izateko hemen, Baztanen. Aspalditik burutik bueltaka genuen ideia da, uste baitugu literaturak baduela gaur egun hain erraz finkatzen diren azaleko ideietan zalantzak pizteko ahalmena. Nolabait, irakurketak pentsamenduan bertze erritmo bat sortzen du, eta erritmo hori da hausnarketarako bidea irekitzen duena. Zalantza, plazera, emozioa, kuriositatea, edukia, giro berezia… eskaini nahi dugu irailaren 4an. Igandeko plana, beraz, paseatu eta liburuetan barna saltseatu!».