Sami Ouady Dyian

«Elizondoko txupinazoa botatzeko aukeratu naute eta arras kontent nago»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 22a, 11:00

Sami Ouady elizondoarrak txupinazoa botako du aurtengo Elizondoko bestetan

10 urteko elizondoarra da Sami Ouady Dyian eta Elizondoko eskolan 5. maila akitu berri du. Matematikako klasea du gustukoen, «kalkuluak egitea gustatzen zaidalako». Hala ere, udako oporrak gustura hartu ditu, «oporretan Marokora joaten gara familiarekin, hango familia ikustera eta hondartzan ibiltzera».

Baina argi du herriko bestetan Elizondon egon behar duela eta «arras gogotsu» dago santioetarako. Eta badu arrazoirik, bestei hasmenta emanen dien txupinazoa botako baitu aurten, marrazki lehiaketa irabazi ondotik. Gainera, eskaera berezia egin du; «txupinazoa nire lagun Oihan Bazterrikarekin batera botatzea gustatuko litzaidake». 

Besta komisioak lehiaketako partaide guzien artean aukeratu du Samiren marrazkia eta «super kontent» dago hautatua izan delako. Buruhaundien aitzinetik lasterka ibiltzea da bestetan gehien gustatzen zaiona, ez diotela beldurrik ematen dio, eta hori erakutsi du bere marrazkian; «hiru buruhaundi herriko plazan, gibelean udaletxea, eskuinean Casino ostatua eta ni erdian, txupinazoa botatzen». Eta marrazkia egia bihurtuko da uztailaren 24an eguerdian herriko plazan.

Samiren amak «arras mutiko ona eta inplikatua» dela dio, «perfekzioa gustuko du eta arras nota onak ateratzen ditu». Baztanen sortu eta hazi baldin bada ere, gurasoak kanpokoak izateak desberdina dela sentiarazten diote «eta aunitz eragiten dion gaia da. Hala ere, guztiz integratuta dago eta baztandar bat gehiago da». Gurasoak 15 urte daramatzate hemen bizitzen eta haiek ere integratu dira; «euskaltegian izan naiz euskara ikasten eta solastatzea kostatzen bazait ere, nahiko ongi ulertzen dut».

Samiren marrazki irabazlea.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun