1942an abiatu zuen Juanito Eraso aresoarrak Elizondoko Abesbatza; «hasieran Elizondoko talde batekin hasi zen eta pixkanaka entseatzen, ahotsak osatuz eta lehiaketetan parte hartzen hasi ziren». Inguruko herrietako jendeak ere parte hartzen zuen abesbatzan; «Erasorentzako ahots erakargarria bazuten, koruan sartzera animatzen zituen. Ahots berezien bila aritzen zen beti».
Herriko jende arruntak osatzen zuen taldea; «ez ziren profesionalak, amateurrak edo elizako koruan aritutakoak baizik. Hala eta guztiz ere, sari aunitz irabazi zituzten eta hainbat herrialdetan ibili ziren kantatzen; Frantzian, Belgikan, Austrian, Italian, Hegoafrikan… duela 40 bat urte parte hartu zuten azken lehiaketetan».
«Denetik» kantatzen zuten abesbatzan; «meza batzuetan parte hartzen zutenez, erlijio-musika abesten zuten, Aita Donostiaren Requiema adibidez, baita garaiko konpositoreak ere (Belloportu, Debussy, Poulenc…) baina batez ere musika herrikoia lantzen zuten eta errepertorioan beti zeukaten euskal musika. Ez zen parrokiako abesbatza, herrikoa baizik».
Zuzendari berria
Bere bizitzako azken urteraino egon zen Eraso abesbatza gidatzen eta berak aukeratu zuen oinordekoa: Isabel Lacar lesakarra. «12 urte nituenean musika ikasten nuela jakin zuen eta nire etxera etortzen hasi zen solfeo eta piano azterketak egitera. Abesbatzaren entseguetara eta bere kantu teknikako klaseetara gonbidatu ninduen, aditzeko eta ikasteko. 17 urterekin zuzendari gisa trebatzen hasi nintzen eta beti erraten zidan; 'nik ezin dudanean zuk segituko duzu abesbatzarekin'. Eta horrela hasi nintzen».
2002an hartu zuen Lacarrek Elizondoko Abesbatzaren zuzendaritza, baina ez zen bere lehenbiziko korua; «Lesakako abesbatzan hasi nintzen kantatzen eta hiru urtez zuzendu nuen. Gero Igantziko abesbatzatik deitu zidaten, zuzendariak utzi behar zuela, eta hangoa zuzentzen hasi nintzen. Handik urte batzuetara Bortzirietako Giltzarri Abesbatza sortu nuen, oraindik zuzentzen dudana, eta Hendaian ere ibili nintzen koru bat zuzentzen. Hendaiakoa utzita Urruñan bertze bat sortu nuen, eta Sunbillakoa ere zuzentzen dut. Momentu hauetan lau abesbatza zuzentzen ditut». Lan handia dela dio, baina «hagitz polita» da, «izugarri gustatzen zait eta erraten den bezala, gustuko tokian maldarik ez». Gainera, kantu klaseak emateaz gain, KEA Ahots taldean abesten du Lacarrek, baita Musikeneko koru pilotuan ere.
Koru anitza
Gaur egun, «koru amateur bat izaten segitzen du. Astelehenero eta hilabetean bi ortzegunetan elkartzen gara Arizkunenean. Momentu honetan ez gara hainbertze; batzuk hil dira, bertzeak zahartu dira, bertze batzuk pandemiarengatik utzi dute… 30 izatetik 20 bat izatera pasatu gara. Hala ere, lan aldetik ongi goaz. Ez gara lehiaketak irabazten zituen lehengo koru hura, baina soinu polita dugu eta denetik abesten dugu».
Estilo eta hizkuntza anitzeko errepertorioa dute «eta oraingo musika ere lantzen dugu». Gainera, Giltzarri Abesbatzaren laguntza dute; «bere momentuan Giltzarrin jendea falta genuen eta Elizondokoek laguntzen ziguten, eta orain alderantziz». Korua mistoa da eta ahots mota guziak lantzen dituzte; «soprano eta kontraltoa emakumezkoetan eta tenor eta baxua gizonezkoetan. Gero zatiketak egiten ditugu musikaren arabera».
Baztanen urtean behin kontzertu bat egiten dute; «dena Elizondon ez egiteko, herriz herri ibiltzen gara». Hartu-emanak egiten dituzte kanpoko abesbatzekin; «aurten, adibidez, Toledoko koru bat etorri da berriki eta urrian gu hara joanen gara». Horrez gain, hurbileko taldeekin ere harremanak izaten dituzte. «Gainerako emanaldiak ateratzen zaizkigun kontzertuak dira, deitzen diguten herrietara joaten gara».
Hurrengo urterako, «proiektu interesgarri bat dugu esku artean. Hendaiako René Zugarramurdi konpositoreak Bidaia lana sortu du, eta musikaren historia kontatzen du bertan; historiaurretik rock musikaraino. Bortz koruk parte hartuko dugu proiektuan, 130 bat lagunek, eta hainbat kontzertu emanen ditugu».
Elizondoko bestetarako prest
Uztailaren 24an eta 25ean, Santiago Egunean eta bezperan, Eslavaren Salbea kantatzen dute urtero mezan. «Hagitz polita izaten da, bandarekin eta organoarekin batera abesten dugu eta interesgarria da. Eliza bete-betea egoten da, elizkoia ez bazara ere musika aldetik erakargarria delako».
Gainera, aurten «inoiz baino gogotsuago» kantatuko dute herriko bestetan. «Pasa den urtean ia-ia kantatu genuen, entseguak ere egin genituen, baina 15 egun lehenago bertan behera gelditu zen Covid kutsadurek goiti egin zutelako. Pena handia izan zen denontzat. Horregatik, aurten oraindik gogo handiagorekin kantatuko dugu».
80 urte eta aitzinerat
Elizondoko Abesbatzaren 80. urtebetetzea da aurten baina ezin izan dute deus berezirik antolatu koronabirusarengatik. «Segur aski heldu den urtean pentsatuko dugu zer egin ospatzeko eta beharbada 80+1 deituko diogu [irriz]». Hala ere, «ilusioa eta gogoa» ikusten du abesbatzan eta «gustura berrartu dute koruaren martxa».
Etorkizunera begira, «abesbatzak bertze 80 urte irautea» gustatuko litzaioke Lacarri. 2009an Maki eta Kristina Urtasunek Koro Ttiki sortu zuten, haurrek ere parte hartzeko. «Gazteen artean afizioa sortzeko eta abesbatzari segida emateko sortu zen, eta arras ongi funtzionatzen du». Gainera, koruak «gure kulturaren parte» direla azpimarratu du, «Euskal Herrian garrantzia handia dute eta mantentzea gustatuko litzaidake. Hemen beti kantatu dugu; afari batean mahaiaren inguruan, kuadrillek karriketan… eta koruetan».
Azkenik, jendea animatu du korua aditzera joatera eta parte hartzera. «Ateak irekiak daude musika gustuko duten guztientzako!».