«Besten antolaketarekin zerikusia duen oro lotzea» da komisioaren ardura, bertzeak bertze, musika taldeekin solastatzea, adin tarte guziendako ekintzak antolatzea, ekitaldien ordutegiak prestatzea… «eta horrez gain, besta egunetan ekitaldi guziak koordinatzen ditugu eta dena ongi doala ziurtatu behar dugu».
Prestaketetan buru-belarri
Otsail akabaila-martxo aldera hasten dituzte besten prestaketak. «Denborarekin hasten gara lanean, ekitaldi nagusiak ahalik eta fiteen lotzeko. Bertzela, kontzertuak eta horrelakoak hartuak izaten dira eta zaila izanen litzateke taldeak aurkitzea».
Ardurak «denon artean banatzen» saiatzen dira «ahal den heinean». Besta egunak ere guzien artean banatzen dituzte eta «hiru lagun arduratzen dira bereziki egun bakoitzeko ekitaldi guzietaz». Hala ere, elizondoarren laguntza ere izaten dute; «haurrekin zerikusiak duten jarduerak hainbat gurasoren laguntzarekin prestatzen ditugu, gazte koadrillei bertze hainbat lanetan laguntza eskatzen diegu (adibidez, haurren jokoak prestatzen, egitarauak banatzen eta gradak montatzen) eta herriko hainbat elkartek ere ateak irekitzen dituzte».
Bestak inoiz baino gogotsuago
«Bi urte gogor hauen ondotik», antolatzaileak «arras gogotsu» daude herriko bestak «berriz ere normaltasunez bizitzeko». Baita herritarrak ere, eta «alde guzietan bezala», Elizondon ere jende bestazalea dagoela diote. «Norberari bere herriko bestek ilusio berezia egiten diote». Baina herrikoak ez ezik, «bailara osoko jendea eta kanpokoak biltzen dira santioetan Elizondoko karriketan».
Santioetatik gehien gustatzen zaiena «herri bazkaria eta eguneko besta» da, «arratseko besta urte osoan gehiagotan bizitzeko aukera izaten dugu baina egunekoa ez».
Egitaraua denon gustura
Besta komisioa «adin tarte jakin bateko jendeak osatzen duen arren, adin tarte guziendako ekitaldiak antolatzen saiatzen gara». Horretarako, aitzineko urteetan egindako ekimenei begiratzen diete: «arrakasta izan zuten jarduerak mantentzen saiatzen gara, eta zerbaitek funtzionatu ez badu kontuan hartzen dugu hurrengo urteetarako». Hala ere, «ahal den heinean, bestak aldatzen eta urtero zerbait berezia antolatzen saiatzen gara».
Sosak ere agintzen eta mugatzen du antolakuntza; «ekitaldi aunitz antolatuko genituzke baina alor ekonomikoa kontuan hartu beharreko zerbait da. Aurrekontuari dagokionez, urtero antzekoa izaten saiatzen gara».
Azken urteetan bestak sobera aldatu ez badira ere, «herri eta gazte bazkariek geroz eta indar handiagoa dutela» diote. Besta egunetan lana egitea tokatuko zaie, baina, «doike, bestarekin tartekatuko dugu!».
Azkenik, komisioaren ateak «denendako zabalik daudela» azpimarratu dute eta jendea «herrian laguntzera» animatu dute; «taldean urte dezentez lanean dabiltzan kide batzuk daude, eta denon bestak izaki, ideia fresko eta berriekin dagoen jendearen beharra ikusten dugu. Adin tarte eta interes anitzeko jendea edukitzeak denondako besta egokiagoak antolatzea erraztuko du».