Nola aldatu da egoera hasi zinenetik?
Uste dut orokorrean gizartea aldatu dela, eta horrek jendearen parte hartzean eta inplikazioan eragin du. Gero eta gehiago ibili behar gara jendearen gibeletik eta laguntzeko eskatzen. Auzolana gehiago kostatzen dela ikusten dut, gazteria aldatu da eta ez dakit bertze interesak dituztelako edo zergatik den, baina parte hartzeko eskean ibili behar gara gero eta gehiago. Besta, hala ere, bere horretan mantendu da azken urte hauetan.
Zenbat lagun zarete elkartean?
Arras guti, aktiboki lanean aritzen garenak 12 inguru izanen gara. Gero besta egunean jende gehiago izaten da baina urtean egindako lanetan ez. Jende gehiago sartzea behar dugu, hemen gaudenak urte aunitz daramazkigu eta ez dugu erreleborik ikusten. Egunean bertan laguntzeko jendea baldin badago ere, elkartearen segida arras kolokan dago.
Zein izaten dira elkartearen ardurak?
Baztandarren Biltzarra ez da egun batera mugatutako lana. Garai batean euskarazko kultur ekintzak sustatzeko elkarte bat zen eta urte osoan kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak eta horrelako ekimenak egiten genituen. Azken urteetan Baztango Udalaren proposamena euskarari dagokionez aunitz handitu da eta alde horretatik pixka bat lasaitu gara. Horrek ez dakit onura edo kalte egin ote digun, motelago ibiltzen baikara urte osoan eta eguna ailegatzean aktibatzen garelako.
Noiz hasten dituzue prestaketa lanak?
Eguna prestatzen urtarril edo otsail aldera hasten gara, betiko galdera planteatuz; aurten egin behar da edo ez?. Egia da pandemiak ez duela lagundu eta aurten arrankatzea kostatu zaigula, baina galdera urte hasmentan planteatzen dugu. Gero mantsoxeago hasten gara martxan jartzen.
Nola bizi izan dituzue azken bi urteak?
Baztandarren Biltzarra ospatuko litzatekeen egunean seinalea egiten saiatu gara. Lehenbiziko urtean bideo bat egin genuen, Baztango herri guziek parte hartu zuten, dantzariek, musika… herri guzietan Baztandarrenekin zerikusia duen zerbait plazaratzeko. Polita izan zen baina ez zegoen biltzeko aukera gehiago eta hortxe gelditu zen. Iaz ere musika eraman genuen herri guzietara giroa animatzeko eta arras polita atera zen, baina gogotsu ginen berriz ere normaltasunera bueltatzeko eta uste dut aurten jendeak ere gogoz hartuko duela besta.
Noiz erabaki zenuten aurten baietz?
Otsail aldera planteatu genuen eta pandemiak uzten bazuen, argi genuen aurten bai egin nahi genuela, behar genuela. Erabaki beharrekoa zein formatutan egin izan zen, baina ez pandemiarengatik, jende faltarengatik baizik. Jenderik ez bagenuen, bazkariko lagun kopurua jaistea planteatu genuen. Eta hori aukera bat izan zen berriki arte. Ekainaren 20an erabaki genuen beti bezala mantentzea, baina kolokan egon da.
Gogotsu?
Bai, gogo handiarekin. Erran bezala, bi urte geldirik egon ondotik martxa hartzea kostatu zaigu, baina azken egunetan motibatzen ari gara eta saltsan sartzen hasi gara. Sukaldeko gauzak prestatzen, jendea biltzen, orgak egiten, boletoak saltzen… jendea mugitzen hasi da eta giroa orain sortzen da. Horrek aktibatu gaitu eta jendearen gogoa pizten laguntzen du.
Baztandarrak ere gogotsu egonen dira, ezta?
Bai. Egia da kezka bazegoela eta aunitzek galdetzen zigutela ea aurten eginen den edo ez. Hala ere, prestakuntzetan laguntzeko aunitzek eman dute izena eta orain talde lanak nola antolatuko ditugun ikusi eta martxan jarriko gara.
Zer espero duzu aurtengo bestatik?
Berriz ere betiko Baztandarren Biltzarra izatea, betiko besta, eta jendeak kontzientzia hartzea; bestak lana eskatzen du eta gibeletik lantalde bat dauka. Baina bereziki, uztailaren 17an denok Elizondoko karriketan elkartzea, euskaraz eta euskararen alde, eta ongi pasatzea. Eta eguraldia lagun baldin badugu, bikain.
Baztandarrendako egun berezia da, ezta?
Bai, dudarik gabe. Urteko egunik politena da guretako eta ilusio handiarekin bizi dugu, lana da baina gogo handiarekin hartzen dugu. Elkarte batean hainbertze urtez lanean aritzeko eta hainbertze ordu sartzeko ilusioa beharrezkoa da eta horrela bizi dugu. Jendea probatzera animatu nahi dut, dudarik gabe merezi duelako.
Galdetegi batzuk banatu dituzue jendeak izena emateko. Nolako erantzuna izan du?
Bai, guretako lan handienak direnak formulario batean bildu genituen, jendea zertan egonen litzatekeen laguntzeko prest jakiteko, eta sare sozialen bidez lau haizetara zabaldu genuen. Kontent gaude, erantzun polita izan du eta jende aunitz apuntatu da. Orain dena antolatzen eta bakoitzak zein egunetan lagunduko duen erabakitzen ari gara.
Zertan behar izaten duzue laguntza gehien?
Bazkariko momentua izaten da kudeatzeko zailena eta jende gehien behar duena. Zerbitzari aldetik gaztetxoak aritzen dira gehienbat, baina mahaien bilketa ere lan gogorra izaten da, eta zeregin aunitz izaten dira. Ostatuko txandak ere prestatzen ari gara; herriz herri joaten gara eta herri bakoitzak bi urtean behin bi orduko txanda egin behar izaten du. Orain ordezkariak biltzen ari gara herri bakoitzetik txanda horiek betetzeko, eta egia da hori kostatzen dela. Beraz, jendea animatzea espero dugu, denon artean posible izan dadin.
Jendea prest egoten da lehenagotik laguntzeko baina ez egunean bertan lan egiteko?
Bai, hori gertatzen da. Aitzineko egunetan lan egin behar da baina igandean ere bai, eta guk bakarrik ezin dugu. Denok egiten badugu lan pixka bat, denok egiten ahalko dugu besta. Lan guztia denon artean eginda erraz eginen dugu, baina guti batzuk baldin bagara, neketan. Horregatik da hain inportantea denon parte hartzea.
15 urte elkartean aunitz dira. Zein dira zure asmoak etorkizunera begira?
Nire hondar urteak izanen direla pentsatzen dut, elkarteko aktibo bezala bederen. Hala ere, gero beti hortxe egonen naiz dudarik gabe behar denean laguntzeko. Ez dakit nire azken urtea zein izanen den, baina uste dut ordua dela gibeletik heldu direnak sartzeko eta erreleboa hartzeko. Horretarako, doike, jendea etortzea behar dugu. Baztandarrak probatzera animatuko nituzke, lan handia da baina beti ilusio eta gogo handiarekin egiten dena eta uztaileko egun hauek arras bereziak izaten dira.
Bertako artisten aldeko apustua | |
Elkarteak bertako artisten aldeko apusutua egiten du kartelaren egilea aukeratzerakoan. «Lehen lehiaketa egiten genuen kartela aukeratzeko, baina bertako jendeari protagonismoa ematea pentsatu genuen eta baditugu urte batzuk hemengo artistekin egiten dugula». Horretarako, portfolio bat sortu dute bertako artistekin, «eta aurten Elizondoko Malmön egitea erabaki dugu. Kartela librea izaten da, beraiek proposatu zizkiguten ideiak eta egin zuten diseinua. Arras kontent gaude emaitzarekin». |