Bi urteren ondotik, Baztandarren Biltzarra elkartea «inoiz baino gogotsuago» dago Baztango herritarrak elkartzen dituen besta normaltasunez ospatzeko. Eguerdi aldera abiatuko den orgen desfileak hasiko du jardunaldia, eta bailarako 15 herriek parte hartuko dute bertan, hainbat musikariren eta dantza talderen laguntzaz. Aurten, Amaiurko Herria izanen da banderaduna eta beraiek irekiko dute desfilea, Amaiurko erresistentziaren 500. urteurrena dela eta. Gainera, ezpata-dantzariek ere desfilean parte hartuko dute, «gudaren sinbolizazio gisa».
Desfilearen ondotik, ohikoa den bezala, bazkaria izanen da Merkatuko zelaian, 1.6oo lagunendako lekuarekin. Bazkarian «bertako nekazari eta abeltzainek ekoiztutako produktuak» izanen dituzte. Gero, desfileko irabazleak iragarriko dituzte eta sari banaketaren ondotik dantzaldia izanen da.
Bestarekin segitzeko, arratsaldean kontzertuak izanen dira Trikidantz eta Gabezin taldeen eskutik eta eguna ongi akitzeko, Tirri&Teryko parte den Juan Angel Perotxenak jarriko du musika gauean.