Kaiet, Migeltxo, Asier eta Oier

«Gazte zein zaharrak giro ederrean biltzen dituen egunak dira herriko bestak»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 20a, 10:00

Kaiet Iriarte, Migeltxo Sobrino, Asier Ariztia eta Oier Neol dira aurten Arizkungo bestetako danbolin nagusiak

Lehen, alkateak bi damunausi (danbolin nagusi) izendatu ohi zituen herriko bestak antolatzeko. Azken urteetan, aldiz, «gazte bilera bat antolatzen dugu urte akabailan, eta boluntariorik ez badago, bi kargudun hautatzen ditugu. Gero, kargudun bakoitzak bere damunausi-laguna aukeratzen du». Guztira lau gaztek hartzen dute bestak antolatzeko ardura, «aurten 21 eta 24 urte bitartekoak gara».

Normalean, «inauteriak akitu eta ahal bezain fite» hasten dituzte prestaketak, eta aurten, «urtarrilerako taldea lotua bazegoen ere, lan gehiena apiriletik goiti egin dugu, ekaina hurbildu bezala». Lan handia da; «gauza guziak lauron artean solastatzen ditugu eta ordutegiak direla medio, denok batera elkartzea zaila izaten da. Hala ere, ardurak modu paretsuan banatzen ditugu; deiak, ordainketak, erosketak, kontratazioak…».

Besta bereziak

Aurtengo bestak bereziak izanen dira, «bi urteko geldialdiaren ondotik, bistakoa da jendeak bestetarako gogoa duela. Iruritako bestetan hala ikusi genuen eta herrian ere arras gogotsu gaude».

«Herritarrok elkarrekin egiten ditugun otorduen falta» sumatu dute gehien azken urteetan, «Baztan zopak eta herriko zikiro-jatea behar bezala ospatu ez izana. Guretako, herriko bestak egunerokotasuneko betebeharrei deskantsua emateko aitzakia onena dira, gazte zein zaharrak giro ederrean biltzen dituztenak».

Egitaraua denen gustura

«Urteroko eskema iduritsuari segituz» antolatu dute aurtengo programa, «adin guzietako jendeari gustua egiten saiatuz. Gauak gazteei bideratuak badaude ere, egunez adin gehiagoko jendearendako programazioa betetzen saiatu gara, denak kontent egoteko». Horren adibide dira «mariatxien emanaldia eta jubilatuen bazkaria,  bertzeak bertze». Gainera, aurten bigarren aldiz antolatuko dute gazteen arteko herri kirol erronka; «desafio honek adin guzietako jendea hurbiltzen du plazara».

«Suak dira zalantzarik gabe bestetako ikur nagusia» 

Arizkun Rock jaialdia da azken urteetan arrakasta handia hartu duen ekitaldia; «egun horretan jende gehiago izaten dela sumatu dugu. Badira edizio andana bat rock festibala antolatzen dela eta esperientzia hartuz joan dira antolatzaileak, beraz, hainbertze jende bilduko duen ekitaldi hau antolatzeko gaitasuna dutela uste dugu».

Hala ere, «suak dira zalantzarik gabe herriko bestetako ikur nagusia». Badira urte batzuk suen ondotik ez dela antzerkirik egiten, «baina aurten suak saltatzeaz akitzean plazan mamurru bat erretzea erabaki dugu». Ondotik, urtero bezala, gaitak eta mutil dantzak izanen dira plazan denek dantzatzeko.

Besta eta lana bateratzen

Kargudunek «ardura aunitz» dituzte bestetan, «baina lan handienak aitzinetik egiten direnez, besta egunetan ez da disfrutatzeko problemarik, nahiz eta beti egon behar garen edozein ezustetarako prest. Besta arduraz egitea eta ongi pasatzea ez da inongo arazoa guretako!».

Akitzeko, «irakurle guziei Arizkungo San Juan bestetara gonbidapena zabaldu nahi diegu, eta argi utzi nahi dugu herrian errespetuzko eta inolako erasorik gabeko bestak nahi ditugula».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun