Izaskun Igoa Jaimerena

«Bizitzaren alde ikusezin eta eder batekin erlazionatzen nau poesiak»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 19a, 08:00
'Hotza bazkatzen' lanarekin aurtengo Donostia Kultur Poesia saria lortu du Igoak.

Bere burua aurkeztea «batere erraza» ez dela aitortu badu ere, «gauza xumeak maite dituen eta detaile ttipiei arreta paratzen dien norbait» da Izaskun Igoa Jaimerena (Ziga, 1995). Poesia idaztea eta leitzea gustuko du, eta aurtengo Donostia Kultur Poesia Lehiaketa irabazi zuen martxoan, Hotza bazkatzen lanarekin. Orain, bere lana liburu bihurtu du Balea Zuria argitaletxearekin batera. Maiatzaren 26an kaleratu zuen liburua.

Noiz hasi zinen poesiaren munduan?

Institutuko garaian hasi nintzen. Hirugarren DBHn poesia landu genuen euskarako ikasgaian eta etxean poemak idatzi behar izaten genituen. Poemak idatzi bezala, lagun batek eta biok elkarri deitzen genion gure poemak errezitatzeko. Ikaragarri motibatzen nintzen horretan eta telefono dei haien oroitzapen arras ederrak ditut. Ondoko ikasturtean ere nahiko idatzi genuen bai euskarako ikasgaian baita gaztelanian ere. Poesiara hurbiltzen hasteko abiapuntua garai horretan kokatuko nuke.

Markatu zaituen lan edo autorerik izan al duzu?

Hemeretzi urterekin lagun bati poesia leitzen hasi nahi nuela aipatu nion, berak ohitura baitzuen poesia leitzeko eta idazteko eta aspalditik harreman berezia zuelakoz poesiarekin. Orduan, postaz Pako Aristiren Urari ostutako poemak liburua igorri zidan. Liburu hori poesian bigarren hasmenta izan da niretako.

«Nire pentsamendu, emozio eta hausnarketak idatzi ditut liburuan»

Izaskun IGOA JAIMERENA, Zigako poeta

Donostia Kultura Poesia saria irabazi duzu aurten. Parte hartu al zenuen noizbait horrelako lehiaketaren batean?

Bai, aitzineko urtean Iruñeko Udalak antolatzen duen Egile Berrien lehiaketan parte hartu nuen. Horren aitzinetik, deus irabazi ez dudan lehiaketa pare batera ere aurkeztu izan naiz.

Zergatik erabaki zenuen aurkeztea?

Poesia eta literatur lehiaketak Jon Barberenarengatik ezagutu nituen. Iruñea Hiria saria irabazi zuenean, zerbait arras berezia sentitu nuen. Arras kontent nintzen inguruko norbaitek halako sari bat irabazi zuelakoz eta poesia idazten zuela jakiteak zerbait piztu zidan barnean. Hor pentsatu nuen lehenbiziko aldiz nik ere horrelako zerbait egin nahi nuela. Batzuetan, inguruan norbait zerbait berria egitera ausartzen denean, bertzeendako ere aukera hori sortzen du.

Nola hartu zenuen irabazi izana?

Arras kontent paratu nintzen. Berria telefonoz eman zidaten, eta egia erran emozionatuta eta pozez ezin kabiturik nintzen. Ilusio haundi-haundia egin zidan saria irabazteak.

'Hotza bazkatzen' lana aurkeztu duzu. Nolakoa izan da sormen prozesua?

Sormen prozesua urte pasakoa izan da, mantso-mantso egina. Inspirazioa alderdi aunitzetatik etorri zait, batez ere naturatik. Tristea bada ere, ez dakizkit arbola aunitz bereizten baino aunitz inspiratzen naute, bertze elementuekin batera: musika, bertze idazleen hitzak eta batez ere, jende artean bizitako elkarrizketa eta eguneroko arruntak. Parean pasatzen denari adi begiratu eta entzun ahal izateak inspiratzen nau.

Maiatzaren 26an aurkeztu zuen Igoak 'Hotza bazkatzen' liburua.

Zerbait kontatu nahi izan duzu lan honekin? Edo barnea husteko modu bat bertzerik ez da izan?

Pentsatzen dut zerbait sortzen denean beti barnea husten dela, sortutakoa zeure buruari buruz ez bada ere. Sortutakoa edozeinen esku dagoenean, zerbait hustu duzula ere sentitzen ahal da; zure izateari uzten dio. Ez dakit arras ongi laburtzen kontatu nahi izan dudana, baina hemen saiakera bat: kasik kontrako bi denboretan bizi garela iruditzen zait, naturaren denborak eta denbora modernoak. Lehenbizikoan gauzek iraupen bat dute, baina denbora modernoan iraupen horiek aunitz laburtu ditugu. Guk baditugun aparatu aunitzek denbora aurrezten digute, eta horrela egun batean gero eta gauza gehiago egiten ahal dira. Denboraren nozioa erabat aldatu zaigu eta harreman diferentea sortu dugu denborarekin. Ez dakit arras ongi moldatzen garen zerbaiten esperoan egoten, adibidez. Bi denbora horien artean bizitzeak sortu dizkidan pentsamendu, emozio eta hausnarketak biltzen saiatu naiz.

«Orduak plazerez dedikatu dizkiot liburuari»

Izaskun IGOA JAIMERENA, Zigako poeta

Hotza bazkatzen. Zergatik paratu diozu Baztango erranairu baten izena lanari?

Eguberrietan, lana akitzen ari nintzenean, Baztango Euskara Zerbitzuak Baztanen nola? izeneko joko bat sortu zuen, bideo sorta bat. Horietako batean hotza bazkatzen erranairua agertu zen eta segidan nire lanarekin lotu nuen. Etxera deitu nuen, erranairu horri buruz eta bertze batzuek erran nahi zutenari buruz galdetzeko. Horrelako jokoek, jokoaz gain gero elkarrizketa politak sortzen dituzte. Hotza pasatzen ari direnei erraten zaie, eta nire ulerkeratik bederen, absurdoa da kanpoan hoztuta egotea, horretarako beharrik ez badago sorik. Egungo bizimoduan, zenbait emozio, pentsamendu edo hausnarketa elikatzen egotea ere pixka bat absurdoa izaten ahal da batzuen begietara.

Poesiak liburu batean bildu dituzu orain. Lan handia izan da?

Lana izan da, baina zerbait gustuz egiten denean, ez da halako lan haundiaren sentsazioa gelditzen. Orduak dedikatu dizkiot plazerez. Kasu honetan, erabakia hartua nuen eta banekien poema hauek jendearekin elkarbanatu nahi nituela. Lan hau egitearen plazera irakurlearen eskuetara ailegatzea nahi nuen.

Beraz, emaitzarekin kontent?

Bai, arras.

Non lor daiteke liburua?

Elizondon, Axular eta Nafarpressen dago. Hemendik kanpo, hainbat liburu-dendatan egonen da.

Etorkizunera begira, poesiarekin segitzeko asmorik duzu?

Bai, segitu nahi dut. Eginez ikasten dut eta eginez lotu naiz poesiari eta poesia idazten dutenei. Bizitzaren alderdi ikusezin eta eder batekin erlazionatzen nau poesiak, eta pentsatzen dut bertze jende aunitz ere, baina nik bederen horren beharra izaten dut. Beraz, dudarik gabe, bai. Ez dakit zein formatan, baina poesiarekin segituko dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun