Garbiñe Agerre Etxalar

«Almandozko bestak herritar guziok gozatzeko dira»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 14a, 07:00

Ekainaren 15etik 19ra Almandozko bestak ospatuko dituzte eta antolakuntzan lanean ari da Garbiñe Agerre

Nola definituko zenuke zeure burua?

Neska alaia eta familiarra, natura eta lagunekin gelditzea gustuko duena.

Zein dira zure zaletasunak?

Irakurtzea, eskulanak egitea eta mendia.

Almandozko besten antolatzailea zara. Nola aukeratzen duzue?

Normalki, urtero bi gaztek haien burua aurkezten dute urte baterako.

Nortzuk zaudete aurten antolakuntzan?

Aurten lau lehengusuok aurkeztea erabaki dugu, bi urtetarako; Oihan, Uxoa, Alazne eta ni.

Lan handia da?

Urtetik urtera gauzak aldatzen dira. Gure kasuan, bi urtez deus egin ezin izanak zailtasun gehiago sortu dizkigu, antolakuntza ia-ia zerotik hasiz. Baina lauron artean errazagoa da.

Hala ere, bi urteren ondotik gogotsu egonen zarete…

Bai pentsa! Herritar guziok, heldu nahiz gazte, ikaragarrizko gogoa dugu aurtengo bestak ospatzeko.

Herrian ilusioa nabaritzen da?

Bai, antolatzen hasi garenetik herritarren ilusioa eta laguntza nabaritu dugu, eta eskertzekoa da horrelako herri ttiki batendako.

Zer hartu duzue kontuan egitaraua prestatzerakoan?

Laurok argi dugu Almandozko bestak herritar guziok gozatzeko eta parte hartzeko direla. Hori dela eta, herritar guziongan pentsatzea izan da gure helburu nagusia.

Zer da bestetatik gehien gustatzen zaizuna?

Bestak antolatzeko eta prestatzeko sumatzen den herritartasuna eta elkartasuna; denak prest daude edozertan laguntzeko.

Antolakuntzan egonda, bestarako astirik izanen duzu?

Bai eta ez; azken finean antolatzailea izateak erantzukizunak ekartzen ditu, baina hor egoteak eta giroaz gozatzeak lanari pisua kentzen dio. Gainera, lau izateak lana guttitzea eta bestez disfrutatzea errazten du.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Lanean segitzea eta egunean egunekoa gozatzea.

Eta epe luzera?

Dauzkadan zaletasunekin segitzea, inguruko pertsonekin bizitzaz disfrutatzea eta posible dudan guzia bizitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun