Nafarroako Parlamentuan atzo egindako bilkuran, Lurralde Kohesiorako Batzordeak «Almandoz, Arizkun eta Elbeteko herrien eskaerak kontuan hartzeko» ebazpena onartu zuen, «zundaketen baimena geldiarazte aldera». Ebazpenak Navarra Sumaren, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoak, Geroa Bairen abstentzioa eta PSNren aurkako botoa izan zituen.
Navarra Suma talde parlamentarioak sustatu du ebazpena, martxoaren 30ean Erdizera egindako bisitaren harira. Gogorarazi dutenez, «2013an Arizkun Sur (Elbete eta Arizkun) eta Uzketa 2 (Almandoz) proiektuei jarraipena emateko aukera atzera bota zuen Baztango Batzar Nagusiak, eta duela gutxi berriro ere baztertu du, ofita ateratzeko herri erabilerako lurrak eta jardueretako eta etxebizitzetako zonaldeak galtzea ekarriko lukeelako». Gainera, «Almandozen bertze harrobi bat eraikitzeak herria hesitua utziko zuela» gaineratu dute.
EH Bilduk ebazpena aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu zuen, Nafarroako Gobernua premiatuz «Baztango herritarren jarrera errespetatzera eremu horretako ofitaren erauzketa-proiektuei buruzko izapide guztietan». Navarra Sumak, ekimenaren titularrak, ez zuen aldaketa onartu. Podemos-Ahal Duguk ebazpenari gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu zuen, Diputatuen Kongresua premiatuz «uztailaren 21eko 22/1973 legea alda dezan». Navarra Sumak gibelera bota zuen zuzenketa hau ere.
Jorge Agirre (PSN) buru izan zuen saioan egon ziren parlamentariak izan ziren Elena Llorente, Isabel Olabe, Iñaki Iriarte, Carlos Pérez-Nievas, Miguel Bujanda, José Suárez (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Arantza Biurrun (PSN), Pablo Azkona, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Laura Aznal, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).