Erdizko meategiaren proiektuaz

Nafarroako Landa Garapenerako Komisioak Erdiz bisitatu du Magnaren proiektua ezagutzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 19a, 14:30

Proiektuak izanen lituzkeen eraginak azaldu diete Baztango Udaleko ordezkariek

Nafarroako Landa Garapenerako Komisioak Erdiz mendia bisitatu zuen atzo, parlamentuko EH Bildu taldeak eskatuta, Magnesitas Navarras enpresak egin nahi duen proiektuaren kokalekua ezagutzeko.

Isabel Olabe, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Virginia Magdaleno (PSN), Pablo Azkona (Geroa Bai) eta Adolfo Araiz (EH Bildu) komisioko kideak izan ziren bertan, eta Parlamentuko ordezkariei harrera egin zieten Joseba Otondo Baztango alkateak, Florentino Goñi Obra Publikoen zinegotziak, Juan Cruz Iriarte Mendiko zinegotziak eta Aitor Bazterrika eta Andres Zelaieta basozainek.

Bisitaren helburua «meatzaritza ustiapenaren kokalekua, herri-lurren kudeaketa eta eskualdeak Baztanendako duen garrantzia» ezagutzea izan da. Horretarako, Magnaren proiektuak Erdizen hartu nahi dituen ia 100 hektareak ezagutzeko ibilbidea egin zuten.

Otondok adierazi zienez, «lur-eremu guzia Baztango Udalarena eta erabilera komunalekoa da, beraz, afera Udalaren eskumenekoa da eta herritar guziei eragiten die, lursailak erabiltzen dituztenenei eta erabiltzen ez dituztenei, izanen dituen eragin sozial, ekonomiko eta ingurumen arazoengatik». Horrez gain, enpresak proiektua UGEP gisa tramitatzeko asmoa duela jakinarazi zien, «lekuko eskumenaren gainetik pasatuz».

Iriarte zinegotziak gehitu zuen Erdiz Kontserbazio bereziko eremua dela, eta «parajearen ekosistema naturalen garrantzia» nabarmendu zuen, «proiektuak larriki kaltetuko lituzkeenak eta kasu batzuetan guztiz suntsitu». Proiektuak hartuko lituzkeen ia 100 hektareetatik, «53 hektarea kalitate handiko bazkalekuak dira eta hamar guztiz desagertuko liratekeen pagadiak». Eskualdeko 75 abeltzainek eta 2.000 azienda inguruk erabiltzen dituzte lurrak.

Honez gain, Baztango Udalak ohartarazi zienez, «proiektuarekin hektarea aunitz galduko lirateke, beraz, orain arte irekiak ziren inguruko lur-eremuak hesitu beharko lirateke, Saioa mendiaren inguruak zehazki. Turismoarendako eta kirola egiteko garrantzi handiko mendia da, eta eragin ekonomiko eta sozialak izanen ditu».

Parlamentuko ordezkariek udaleko kideei emandako azalpenak eskertu zizkieten, eta hala behar izanez gero, beharrezkoak ikusten dituzten neurriak hartuko dituztela adierazi zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun