2020an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Paskual Rekalde Irigoien hizkuntzalari amaiurtarra, euskararen alde egindako lan guztiagatik. Orain, Akademiaren barne-arauak agintzen duenari jarraituz, sarrera-mintzaldia egitea dagokio Rekalderi.
Maiatzaren 21ean izanen da ekitaldia. Euskaltzaindiak Osoko Bilkura eginen du egunean bertan 10:00etan Elizondon, eta 12:00etan hasiko da ekitaldi instituzionala Amaiurko plazan. Hasmenta emateko, Mikel Altzuart Dutari bertsolari baztandarrak bertso pare bat botako ditu. Gero, Amaiurren Kantuz abesbatzak Lauaxeta olerkariaren Amayur gaztelu baltza abesti ezaguna kantatuko du. Ondotik, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Ixabel Aleman Amaiurko alkateak ongietorria eginen diete bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera. Gero, Paskual Rekaldek sarrera-mintzaldia irakurriko du.
Mintzaldian hiru gai nagusi jorratuko ditu Rekaldek: lehenbiziko euskara batua eta mintzamoldeak, bigarrenik Baztango hitzen ekarpena Euskaltzaindiaren Hiztegiari eta azkenik Amaiurko toponimia; toki izenak, etxe izenak, pertsona izenak... ezagun zein ezezagunak. Miriam Urkia euskaltzain osoak emanen dio erantzuna, eta gero euskaltzain berriak zin egin beharko dio bere karguari, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela erranez.
Azkenik, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren akabailan dantza saioa eginen dute Amaiurko eskolako haurrek eta ekitaldira hurbildutakoek zintzurra bustitzeko aukera izanen dute.
Euskaltzainek, agintariek, senideek eta gonbidatuek Gaztelu elkartean bazkalduko dute. Bazkalondoan herriko arkeologia museoa bisitatzeko aukera izanen dute, eta eguraldiak lagunduz gero, Amaiurko gazteluaren hondakinak bisitatzen emanen diote akabaila jardunaldiari.
Paskual Rekalderen profil laburra
Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963) Euskal Filologian lizentziaduna da EHUn, eta, gaur egun, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea. Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskara batuaren eta euskalkien eta Baztango euskararen inguruan. Horien artean daude Mariano Izeta zenaren Baztango Hiztegia eta Dirua galgarri lanen edizioa, eta Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako agiri zaharretako zenbait toponimo eta oikonimoren inguruko lanak, Andres Iñigorekin batera prestatuak.
Euskaltzain urgazle 2003an izendatua eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde, 2018an. 2000an hasi zuen ibilbidea Akademian, eta gaur egun zenbait batzorde eta lantaldetako kide da (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika) eta, orobat, HIZBEA zerbitzuaren arduraduna.