Gizonezkoen sailkapenean, Joseba Larralde beratarraren eta Unai Iantzi aniztarraren ondotik, Txurregiko Aritz Sardinak (2.08.49) osatu zuen podiuma. Arantzako Ekaitzako Dani Iparragirre seigarren izan zen eta Elizondoko Iñaki Telletxea zazpigarren. Emakumezkoetan, Garazi Artolaren gibeletik, Maite Zubillaga (2.51.12) eta Amaia Festa (2.51.33) sailkatu ziren. Amaia Aroztegi amaiurtarra laugarren izan zen (2.58.22). Beteranoetan, Joseba Lasarte beratarra izan zen bizkorrena (2.12.59) eta bederatzigarren izan zen sailkapen orokorrean.
Eguraldia izan zen mendi maratoiko protagonistetako bat; haize ikaragarriarekin egin behar izan zuten lasterkariek ibilbidea. Behin Berroeta gibelerat utzi eta Elorregiko kaskora ailegatuta, haize gogorrarekin egin behar izan zuten lasterka, Larraldera sartu ziren arte. Ondotik, beroa izan zuten «lagun».
Eguraldiak eguraldi, eguna arras polita atera zen. Jende andana elkartu zen Berroetako herrigunean zein inguruko mendietan eta lasterkariak kontent gelditu ziren egindako lanarekin. Eguna akitzeko herri bazkaria izan zuten eta lanean aritutako herritar guztiek elkarrekin borobildu zuten jardunaldia.