Eskolarteko errepideko txirrindularitza lasterketa antolatu dute maiatzaren 14an Elizondon

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2022ko mai. 11a, 17:00

Baztandarra Txirrindulari Taldea denboraldi betean dago eta asteartero 65 txirrindulari gaztetxo biltzen dira Lekarozen

Baztandarra Txirrindulari Taldea martxoan hasi zen entrenamenduekin, baita hainbat lasterketetan  parte hartzen ere. Asteartetan Lekarozko campusean 65 neska-mutiko (2008tik 2015era bitartean jaiotakoak) biltzen dira entrenatzeko. Entrenatzaileez gain, gurasoek eta kadete nahiz jubenil mailako txirrindulariek laguntzen dute entrenamenduetan.

Baina entrenatzeaz gain, konpetitzen ere hariak dira Baztandarra TTko neska-mutikoak, astebururo Nafarroako txokoetan antolatzen diren mendi bizikleta nahiz errepideko txirrindularitza probetan. Lan bikaina egiten ari direla azpimarratu behar da eta, horren adibide, Iruritako Hodei Alemanek Nafarroko junior BTT selekzioarekin Tibin (Alacant) jokatuko den Superprestigio proban parte hartuko du.

Errepideko proba maiatzaren 14an Elizondon eta mendi bizikletakoa ekainaren 4an Arizkunen

Bertze aldetik, Baztandarra Txirrindulari Taldeak, iaz bezala, aurten ere, bi proba antolatuko ditu. Lehena, larunbat honetan, maiatzak 14, Elizondon izanen da, eskolarteko errepideko txirrindularitza lasterketa, hain zuzen. Larunbatean 16:00etan abiatuko dira txirrindulariak.

Bigarren proba, berriz, Eskolarteko mendi bizikleta  lasterketa izanen da, ekainaren 14an Arizkunen eginen dena. Bigarren proba hori 17:00etan hasiko da.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun