Magnesitas de Navarra enpresak publiko egin duen txostenaren balorazioa egin du Erdiz Bizirik plataforman. Hasteko, baztandarren erabakitzeko ahalmena «manipulazioa eta gezurra oinarri dituen txosten honekin» ordezkatu nahi dutela salatu dute. «Gezur horien artean, elkarrizketa irekietan, Erdiz Bizirik eta Sustrai Erakuntzaren parte hartzea izan dela irudikatzen dute, biek iruzur honi boikot aktiboa egin diogunean. Berriz ere errepikatzen da enpresa honek duen funtzionatzeko modu zikina».
Bigarren, «herrien burujabetzaren kontra etengabe ari den enpresa suntsitzailearen bozgorailu lanetan ari diren komunikabideen jarrera» ere «gogor» salatu nahi izan dute; «Diario de Navarra eta Noticias de Navarrak aste honetan argitaratutako titularrek baztandarren erabakitzeko eskubidearen urratzea justifikatu nahi dute. Magnak proiektu hau inposatzeko daraman estrategiari zilegitasuna eman nahi diote».
Akitzeko, proiektuak Baztango lurrak barne hartzen dituenez, erabakia «baztandarrei dagokigula» adierazi dute, «ez dugu inongo multinazional edo agintaririk behar gure izenean solastatzeko. Hemen bizi garenok erabaki nahi dugu eta erabakiko dugu. Herriak bizirik mantentzeko herri burujabeak behar ditugu».