Baztango Udalak herri-galdeketa baten beharra berretsi du
Magnesitas Navarras enpresak Erdizen meategia egiteko proiektua UGEP gisa tramitatu nahi duela jakinarazi du, eta horretarako azkeneko asteetan legeak finkatutako partaidetza prozesua egin du. Ortziralean inkestaren emaitzak argitaratu zituzten; telefono bidezko 379 inkesta egin dituzte, horietatik 160 Baztanen, eta erdiak proiektuaren alde egin du. Hau ikusita, Baztango Udalak herri-galdeketa baten beharra berretsi du, «gaia demokrazian sakonduz bideratu nahi dutela garbi utziz, eztabaida publikoa eta gardena eta herri-galdeketa».
Otsailaren 25eko osoko bilkuran hasi zuten galdeketa egin ahal izateko tramitea, «erabakia Nafarroako Gobernurat igorriz, handik Estatuko Gobernurat bideratzeko, legeak agindu bezala». UGEParen tramitea hasita, Magnak «Baztango erakundeen gainetik pasatzeko hautua» egin duela salatu dute, «Batzar Nagusiko kideekin egindako bi bileretan aukera horri buruz zuzen galdetu zitzaielarik erantzuna saihestu zuten. Eta, orain horretan ari dira, tokiko autonomiaren eta ahalmenen gainetik».
Geroa Bairi eskaera
Orain, erabakitzeko ahalmena Nafarroako Gobernuak duela oroitarazi dute, «bereziki Ekonomia eta Enpresa, Etxebizitza eta Lurraldearen antolaketa eta Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaritzek, hiruak Geroa Baikoak». Horregatik, Baztango Udalak «proiektua Udalez Gaindiko Eragina duen Plan gisa ez tramitatzeko eta Baztango autonomia eta ahalmenak errespetatzeko» eskatu dio Geroa Bairi, «bertzenaz berriz ere Aroztegiko egoera berean egonen gara, herritarren eta Baztango nahiaren gainetik egin nahi den proiektua, gatazka bertzerik ekarri ez duena».
Enpresa «tokiko erakundeek finkatutako ibilbide-orrian parte hartzeko» prest ez dagoela adierazi dute, «baina herritarren iritzia bildu nahirik beren inkesta egin dute, erakunde publikoen kontrolik gabekoa. Telefono bidezko inkestarekin, herri-galdeketa bidez herritarrek emandako iritzi zuzenaren suplantazioa egin nahi dute».
Proiektua Baztango lurretan eginen dela adierazi dute, «Baztango eta Esteribarreko udal-barrutietan egonagatik, lur guztiak Baztango jabetzakoak dira. Baztandarrei dagokigu, hortaz, horren gaineko erabakitzea».