Caparrosoko makroetxaldeak deitutako adiskidetze ekitaldian deklaratu dutenei babesa adierazi diete Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 31a, 10:00

Atzo eguerdian Elizondon egindako elkarretaratzea.

Caparrosoko behi-ustiategiaren jabea den Valle de Odieta-HTN enpresak deituta, 14 elkartetako ordezkariek deklaratu zuten atzo Iruñean, Nafarroako epaitegian. Haiei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Elizondon. 50 bat lagun bildu ziren Baztango Talde Ekosozialak deitutako hitzorduan.

Valle de Odieta enpresak iraingarritzat eta kalumniatzat jo du 2021eko irailean hamalau eragilek Nafarroako Parlamentuan lehenbizi eta ondotik prentsaurreko bidez aurkeztu zuen informazioa, eta hori horrela, «irainak eta kalumniak» leporatuta adiskidetze-ekitaldira deitu zituen 14 elkartetako ordezkariak. Tartean izan zen, Lorea Flores Compains lesakarra, abeltzaintza industrialaren aurkako Nafarroako plataformako bozeramailea eta Greenpeaceko Nafarroako koordinatzailea.

Bi aldeek ez zuten akordiorik lortu

Greenpeacek «informazioa neurri handi batean, dokumentu ofizialek edo datu ofizialen bidez egindako txostenek osatzen zutela» adierazi zuen, eta «ez da egokia egiazko informazioetan egindako deklarazioetan gibelera egitea». Enpresak, bere aldetik, zehapen judizialekin segitzeko asmoa duela jakinarazi du Greenpeacek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun