Egindako azken prentsaurrekoan Ernaik 2022ko Gazta martxaren nondik norakoak azaldu zituen; Zugarramurditik abiatuko da apirilaren 14ean eta Erratzutik pasatuta Elizondora ailegatuko da asteburuan. Bertan, hainbat taldek joko dute antolatutako musika jaialdian. BostEHun eta zutik! lelopean antolatu dute aurtengo ekitaldia, Amaiurko gazteluko setioaren 500. urteurrenari erreferentzia eginez.
Guztira 28 musika taldek joko dute jaialdian, hau izanik zerrenda osoa: Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean eta Iheskide.
Ekimen osorako sarrerak salgai paratu dituzte 35 euroren truke. Txartelak online eros daitezke bibe.me webgunearen bitartez edo Euskal Herriko hainbat tabernatan; Erratzuko Zubi puntan, Elizondoko Intzan, Lesakako Arranon, Gasteizko Garraxin, Donostiako Herrian, Bilboko Errondabiden eta Kirrulin eta Iruñeko Herrikoan, Aitzinan eta Monton tabernetan. Egun bakarreko sarrerak aitzinerago paratuko dituzte salgai, egitarau politikoa zabaltzearekin batera.