Gaur Elizondon egindako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, Zugarramurdin, Erratzun eta Elizondon eginen dute Ernaiko kideek urteroko gazte independentisten topaketa. Koronabirusaren ondorioz 2020ko ekimena bertan behera utzi zuten eta 2021ean hainbat kontzertu antolatu zituzten, baina aurten «ohiko moduan egiteko asmoa» dutela adierazi dute.
Amaiurko gazteluaren setioaren bortzehungarren urteurrenari keinua eginez, BostEHun eta zutik! lelopean antolatu dute ekimena. «Aitzinera begira» segitu nahi du antolakundeak; «Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko gazteriaren grina eta bultzada» irudikatuz, Euskal Herri «feminista, justu eta ekologiko» baten alde. «Gazteok eguneroko lanean ari gara bide hori eraikitzen; herriz herri, auzoz auzo, gazte asanbladetan, neska* gazteen taldeetan, ikasgeletan, bertso eskoletan, osasungintzaren aldeko plataformetan...».
Apirilaren 14an, ortzeguna, Zugarramurditik abiatuko da ekimena. Erratzun eginen dute geldialdia, eta handik Elizondora joanen dira hurrengo egunean. Bertan ekinen diote egitarau politikoari solasaldi eta tailerrekin, baina musika eskaintza eta aisialdiko jarduerak ere izanen dituzte. Ortzirale eta larunbatean hainbat taldek parte hartuko dute musika jaialdian: Xiberoots, Herdoil, Perlata, Iheskide, Tribade… eta bertze hainbertzek. Apirilaren 17an, Aberri egunean, egitasmoari akabera emanen diote. Ernaik adierazi duenez, «hemendik aste batzuetara iragarriko dugu kartela osorik, sarrerak salgai jartzearekin batera».