Ageri denez, Belaten aurretik zebilen kamioi batekin egin zuten topo foruzainek. Larrialdi kasuetarako argiak piztuta zebilen kamioia, 90 km/h-ko abiaduran, eta erremolkea ezker aldera okertuta. Hori ikusita, karga gaizki zuela susmatu zuten. Baina berehala konturatu ziren sigi-saga gidatzen zuela eta kamioiaren azpitik txinpartak ateratzen zirela. Zozaiaren parean gelditu eta ikusi zuten gurpil bat lehertuta zuela eta hagunarekin asfaltoa marruskatzen ari zela bide osoan.
Gidaria identifikatu eta alkoholemia proba egin ziotenean, 0,91 mgr/l alkohol tasa eman zuen. Horrek erran nahi du kamioia gidatzeko baimendutako tasa (0,15) sei aldiz gainditzen zuela. Delituarengatik prozedura penala abiatu dute gidariaren kontra eta, ortziralean, Iruñeko instrukzioko epaitegi batera joan beharko du. Bitartean, kamioia ibilgetua gelditu da errepide bazterrean.