Baztango emakume migratuekin bildu zen atzo Berdintasun Batzordea

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 15a, 15:33

Arizkuneneako batzar gelan hainbat emakume migratu bildu ziren atzo, haien bizi-baldintzak hobetzeko proposamenak aztertzeko

Argazkia eta testua: Elhuyar Aholkularitza eta Baztango Berdintasun Zerbitzua

Berdintasunaren bila aritzea lan gogorra da. Baztango Udalak badu, jada, ibilbide bat egina emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko bidean. Denon zeregina denez, udal teknikariekin, ordezkari politikoekin, eta zenbait emakume talderekin biltzen ari da udala, Elhuyarren bitartekaritza medio.

Atzo, urriaren 14an, emakume migratuen txanda izan zen. Bi orduz aritu ginen Baztango emakume migratuen bizi-baldintzen inguruan. Saio gogorra izan zen benetan. Haien bizi-esperientziek neskame eta morroi garaietara eraman gintuzten. Familiak urruti utzi behar izan zituzten, haien senideak zaintzeari ere utziz, sostengu ekonomikoa ziurtatzearen truke. Egoera ekonomiko zailei bakardadea eta tristura gehitzen zaie; herri-mina, maite-mina.

Kultura ezberdina izatea ere ez da erraza. Euskara ez ezagutzeaz gain, otordu-motak, ordutegiak, elkar-ulertzeko kodeak eta abar luze bat gehitu behar zaio arrakala kulturalari.

Ezin aipatu gabe utzi jazarpen eta indarkeria gaiak. Emakume izateak etxe ezezagunetan indarkeria matxista pairatzeko arrisku bizia dakar. Baita bizi ere. Bizi eta lan. Eta langile diren heinean, bizi dituzten lan-eskubideen urraketak etengabeak dira.

Kontakizun iluneko adierazpen horietan, ordea, bazen eguzki-izpirik. Emakume gehienek aipatu zuten Baztango paisaiaren edertasuna, paseatzen ibiltzeko bideak, arnasgune eta aberastasun moduan. «Bertako mendi eta zelaiek nire herria gogorarazten didate eta hori arras gustuko dut» zioen haietariko batek.

Baztango II. Emakume eta Gizonen Berdintasunerako planean gehitu beharreko erronka mordoa ekarri zuten emakume hauek. Ea datozen egunotako bileretara zer ekartzen duten hezkuntza, kultura, eta bestelako sektoreetako emakumeek, bai eta nekazal guneetakoek ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun