Baztango Berdintasun Batzordeak bigarren bilera eginen du urriaren 20an

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 15a, 13:00

Hainbat alorretako neska eta emakumeekin elkartuko dira bigarren batzarrean; kultura, kirola, politika, hezkuntza…

Atzo abiatu zen Baztango Berdintasun Batzordearen talde-elkarrizketen prozesua; Arizkunenean elkartu ziren emakume migratuekin haien behar eta arazoak identifikatzeko. Prozesuak aitzinera segitzen du eta bigarren bilera eginen dute hurrengo asteko asteazkenean, urriaren 20an. 17:00etatik 18:30era Arizkuneneako batzar gelan (lehenbiziko solairuan) elkartuko da Berdintasun Batzordea hainbat alorretako emakumerekin (kultura, politika, kirola, politika, hezkuntza…) I. Berdintasun Plana aurkezteko.

Bileran, berdintasun alorrean azken urteetan egindako lana baloratuko dute, «kolektibo jakin bakoitzaren arazo, behar eta interesak» ezagutuko dituzte eta «jasaten dituzten desberdinkeria nagusiak identifikatu». Informazio hau beharrezkoa da «bailarako emakumeen bizitza bizigarriak izan daitezen beharrezko esku-hartzea planifikatzeko». Horregatik, Baztango neska eta emakumeen parte-hartzea «ezinbertzekoa» da.

Honen ondotik, herrietako emakumeekin hirugarren bilera eginen dute azaroaren 10ean leku eta ordu berean. Bilera horretan «lurrarekin harremana duten emakumeak*» izanen dira protagonistak; nekazariak, abeltzainak, baserrietan bizi direnak, lurra lantzea gustuko dutenak… Bereziki garrantzitsua izanen da bilera hori, «eskualdeko herri guztietako emakumeak* gertura daitezen, Baztango errealitatearen argazki zintzo eta erreala izateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun