Udaleko Berdintasun Batzordeak joan den astean I. Berdintasun Plana aurkeztu zuen, «gure herritarrei eta batez ere emakumeen* eta nesken* beharrei erantzunen dien plangintza estrategikoa egiteko». Horretarako, hainbat sektoretako emakumerekin bilduko direla iragarri zuten, eta urriaren 14ean izanen da lehenbiziko lan-saioa. Ortzegunean, 15:00etatik 17:00etara, Arizkuneneako batzar gelan (lehenengo solairuan) bilduko dira emakume migratuekin haien egoera ezagutzeko eta haien «arazo, behar eta interesak identifikatzeko».
Bailarako neska eta emakumeen parte-hartzea garrantzitsua izanen da prozesuan «Baztango errealitatearen argazki zintzo eta erreala izan dezagun». Horregatik, 15 herrietako emakume* eta neska* guztiei lan-saioetan parte hartzera animatu diete.
Hiru bilera
Guztira, hiru bilera eginen dituzte, ahalik eta sektore guztiak hartzeko. Bigarren bilera «zenbait alorretako emakumeekin*» eginen dute, hau da, bailarako kulturan, kirolan, politikan, hezkuntzan eta bertze hainbat alorretan lan egiten duten emakumeekin. Urriaren 20an izanen da saioa, 17:00etatik 18:30era Arizkunenean.
Hirugarren bilera «lurrarekin harremana duten emakumeekin*» izanen da; nekazariak, abeltzainak, baserrian bizi direnak… Azaroaren 10ean eginen dute Arizkunenean 17:00etatik 18:30era.
Baztango udalerrietako 15 alkate juratuekin ere bilera eginen dute, urriaren 27an 17:00etatik 19:00etara Arizkunenean. Helburua herri bakoitzeko errealitatea ezagutzea izanen da. Bilera guztiak eginda eta datu guztiak bildu dituztenean, Baztango Mugimendu Feministarekin, eragile esanguratsuekin eta herritar guztiekin kontraste saioa eginen dute abenduan, txosten finala idatzi ahal izateko.