Baztango Udalak Sareren ekimenarekin bat egin du

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 28a, 20:00

Ibilian-ibilian Nafarroa euskal presoen aldeko ekimena bihar abiatuko da Lesakatik

Ekimenaren helburua euskal presoen urrunketa eta salbuespen neurriekin akitzea da, lege arrunta aplikatuz. Irailaren 22an egindako ohiko bilkuran Baztango udalbatzak sareren idatzia babestu zuen EH Bilduren eta Ezkerraren aldeko zortzi botorekin, Navarra Sumaren kontrako hiru botorekin eta Gero Baiko abstentzio bakarrarekin.

Udalak onartutako idatziak dioenez, «garai berri baten aitzinean gaude, urruntze politikarekin akitzeko bidean, espetxe politikan aldaketak ematen hasiak direlako batetik eta bertzetik graduen progresioari dagokionean ere urratsak ematen hasiak direlako». Gaur egun, ez da euskal presorik Madrildik hegoalderako espetxeetan, baina presoen %33a bakarrik dago Nafarroako eta EAEko espetxeetan, «hortaz, espetxe politika berri batean sakontzea ezinbertzeko da».

Hau kontuan hartuta, Baztango Udalak Sarek antolatutako ekimenean parte hartzeko deialdia egin du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun