Sare plataformak larunbatean Iruñean egin zuen ibilbidean parte hartzeko deia. Azaldu zuenez, «urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela erraten ari gara. Salbuespen-politika urratzaile horrekin amaitzeko bidean gaudela, urteetan zehar betikotu dutena, eta espetxean egonaldi eternalak eta senide eta lagunentzako sufrimendu-urteak gogortu dituena amaitzeko bidean dugula, eta behin betiko amaitu behar dugula espetxean dugun herritar bakoitza etxerako bidean jartzeko». Hemendik aitzinerako bidea «ibilian-ibilian» egin behar dela uste du Sarek, «argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko».
Hala ere, «bidean gaude, martxan gaude». Eta Sareren irudiko, «horren adierazle da preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea aldarrikatzeko herrialde osoan pixkanaka hedatzen ari garen sarea, herriz herri, auzoz auzo antolatzen ari dena. Horrek eman digu Nafarroako Itzulia bezalako ekimen esanguratsu bat aitzinera ateratzeko indarra». Itzulia «presoak etxeratzeko prozesuari bulkada emateko» asmoz antolatu du plataformak, «ulertzen baitugu ezinbesteko ekarpena dela bizikidetza demokratikoaren esparrua sendotzeko eta, horri esker, indarkeriak eta sufrimenduak markatutako ziklo historiko luze bat ixteko».
352 kilometro, 74 errelebo
Lesaka eta Berriozar lotuko dituen martxa izanen da, Sareren hitzetan, «350.000 pauso inguru, milaka nafarren oinek emanen dituztenak guztiontzat bakea eta askatasuna dakartzan helmugarantz aitzinera egiteko helburuarekin». 352 kilometro izanen ditu, eta zenbait eragilerekin batera, 74 herri eta auzo izanen dira erronka aitzinera aterako dutenak. Bortz kilometroko 74 errelebo izanen dira, 72 orduz atsedenik gabe, Bortziriak, Malerreka, Basaburua-Imotz, Sakana, Lizarraldea, Goi Erribera, Tafalla aldea, Izagaondoa, Agoitz, Artzibar, Aezkoa, Erroibar, Esteribar eta Iruñerria zeharkatuko dituena.
Ibilbideko lehenbiziko zatietan eskualdeko herritarrak izanen dira ibiltariak. 17:30ean hasierako ekitaldia Lesakako Plaza Zaharrean eginen dute eta 18:00etan handik abiatuko da martxa. Lesakako zubira eginen dute bidea, eta trenbidetik Doneztebe aldera joanen dira. Doneztebetik Donamariako benta, Oiz, Urroz eta Beintza-Labaien gibelean utzita Saldiaserako bidea hartuko dute, handik Basaburura joateko.
- zatia Lesakako Plaza Zaharrean, 18:00etan, ibiltariak lesakarrak.
- zatia: 19:00etan Arantza, Etxalar eta Igantziko herritarrak, Onbordiko tunelaren inguruan.
- zatia: 20:00etan beratarrak, Igantziko Bentak-Sunbilla tartean.
- zatia: 21:00etan baztandarrak, Igantziko Bentak-Sunbilla tartean.
- zatia: 22:00etan Malerrekakoak, Sunbillatik Doneztebera bidean, presaren parean. Malerrekako Sarek 21:30ean egin du hitzordua.
- zatia: 23:00etan leitzarrak, Donamariako bentak eta Oiz tartean.
- zatia: 00:00etan goizuetarrak, Urroztik Beintza-Labainerako bidean.
Zortzigarren zatian, Beintza-Labaiendik Saldiaserako bidean, Ernai gazte antolakundeak segituko du ibilbidean.
Manifestaziorako deia
Ekimen honetan parte hartzeko deia egin du Sarek, batetik, irailaren 29tik urriaren 2ra eginen den itzulian parte hartzeko gonbidapena» eginez, eta bertzetik, «urriaren 2an, 17:00etan Cuatro Vientosetik Berriozarrera, itzuliko azken puskan eginen den herrialde mailako manifestaziora deituz». Itzulia Berriozarrera ailegatzean ekitaldia eginen dute han; «dantzariak, abeslariak, bideo proiekzioak eta hitzartzeak izanen dira ekimenari amaiera emateko».
Sarek dioenez, «ezinbertzekoa da Nafarroako errepideak bakearen eta askatasunaren aldeko ibiltariz betetzea». Eta garbi du, «dudarik gabe, Lesaka eta Berriozarren arteko ibilaldia mugarria izanen dela etorkizunerako».