Joxe Urroz Arrastio irakasle eta herrigile ezaguna irailaren 2an hil zen, 78 urte zituela. Gaur 19:00etan eginen dute bere aldeko hileta-elizkizuna Iruritako elizan. Oizen sortua, Baztanen eman zuen bere bizitzaren zatirik handiena. 1974-75 ikasturtetik teknologia mekanikoa ikasgaia eman zuen Elizondoko Lanbide Eskolan eta 34 ikasturtez zuzendari ere izan zen ikastetxe horretan, 2008ko abuztuaren 31n erretiroa hartu zuen arte. Urte hartan inauguratu zuten Almandozko eskola berria eta Nafarroako Gobernuak Joxe Urroz omentzeko aprobetxatu zuen ekitaldia.
Laxoa, herri-kirola, Xorroxin Irratia, bertsolaritza, herrigintza…
Baina Joxe Urrozen bizitza ez zen irakaskuntzara mugatu. Kirol arloan ere aunitz mugitu zen eta Laxoa Elkarteko lehen zuzendaritza batzordeko kide izan zen. Horregatik ere omendu zuten 2004. urtean, Laxoa Elkarteak 25 urte bete zituenean. Herri kirolen munduan ere murgildu zen, epaile eta gidari lanetan. Bertsozale handia zen eta Nafarroako lehen txapelketatik antolatzaile aritu zen, baita epaile ere. Komunikabideen arloan, Xorroxin Irratian laguntzaile izan zen urtetan eta herrigintzan ere aritu zen, Elizondoko herriko eta Baztango udaleko lanetan.