IXABEL ALEMAN IRUNGARAI

«Memoria historikoa bizirik mantentzeko tokia da Amaiur»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 13a, 11:00
Amaiurko azken urteetako alkateak Agerreko atarian, museoaren kokaleku berria izanen den etxeko atarian.

Ixabel ALEMAN IRUNGARAI, Amaiurko Alkatea.

Amaiurko Gudak 500 urte beteko ditu heldu den urtean, eta amaiurtarrak dagoeneko urte berezi honetarako prestatzen hasiak dira. Abuztuaren 13an 'Noain 1521' ikuskizuna izanen dute herrian.

1512an Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatu ondotik, hiru aldiz saiatu ziren Nafarroako errege-erreginak erresuma berreskuratzen, azken saiakera duela 500 urte. 1521eko Noaingo Guda izan zen horren ondorioa, nafarrek galdu zutena, eta bizirik ateratakoak Amaiurko Gazteluan gotortu ziren. Urtebete iraun zuten bertan, Frantziako armadaren laguntzaren zain, baina frantziarrak ez ziren inoiz agertu. 1522ko uztailaren 13an Amaiurko setioa hasi zuten, eta 19an amore eman zuten bertan zeuden 200 nafarrek. Abuztuaren 11n konkistatzaileek lehergailuak paratu zituzten Amaiurko Gazteluan, eta bailara osoan entzun zuten leherketa. Gertaera hauek ´Nafarroko Erresumaren independentzia berreskuratu nahiaren ikur bihurtu zuten Amaiurko Gaztelua.

Nola eragiten dizue honek?

Guk gure bizitza normal egiten dugu, baina ezin dugu ukatu bizi garen tokian bizi garela. Honek jende aunitz etortzea suposatzen du, batzuendako bista ederrak dituen tontor ttiki bat bertzerik ez da, baina Euskal Herriko jende aunitzendako ikur bat da. Gaztelua eta bertan gertatutakoa ezagutu nahi dute. Memoria historikoa bizirik mantentzeko tokia da.

Hainbat ekitaldi prestatzen hasi zarete heldu den urtera begira…

Bai eta lehenbizikoa Arizkunenean abuztuaren 7an aurkeztu genuen Batallon Amaiur erakusketa da, urrira arte ikusgai egonen dena. Duela 100 urte gertatutakoa biltzen du; hainbat historialari Amaiurreko Guda aztertzen hasi ziren eta Diputazioarekin oroitarri bat paratzea erabaki zuten. Orduan eztabaida hasi zen, batzuk nafar hauek Gaztelako Erresuma traizionatu zutela salatzen hasi ziren, eta testuinguru tirabiratsu horretan monolitoa dinamitatu zuten. Gerra Zibila etorri zen gero, eta euskal gudarostearen barnean zeuden batailoietako bati Amaiur deitu zioten, askatasunaren sinboloa bihurtu baitzen. Hau dena ekarri nahi izan dugu erakusketara.

Honez gain, hainbat kontzertu antolatzen ari da Euskal Herriko Txistulari Elkartea eta duela hilabete batzuk hemen bat egitea proposatu ziguten. Noain 1521 izena du ikuskizunak, eta guk gustura hartuko dugu herrian, Noaingo Gudaren segida izan baitzen Amaiurkoa eta bi gertakariak lotuak daudelako. Abuztuaren 13an izanen da kontzertua, 21:00etan herriko belai batean. Segurtasun neurri guztiak errespetatuko ditugu, distantziak mantenduz eta maskararekin soinean. Sarrerak salgai daude Amaiurko museoan, eta erosten dutenek museora sartzeko %10eko deskontua lortuko dute. Ikuskizun ederra izanen da eta jendea etortzera animatzen dugu!

Aurten Ama Birjineko bestak ospatu ezin badira ere, zerbait eginen duzue?

Bai, aipatutako txistularien kontzertua besten seinalea izanen da. Honez gain, abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunean, Baztan Kantuz ekimena herrian izanen da goizean eta Argitsu elkarteak antolatutako artisauen feria ere izanen dugu. Horiek izanen dira gure aurtengo ez-bestak, osasun egoerak ez baitu gehiagorik egiten uzten.

Amaiurko museoaren kokalekua behin-behinekoa da oraingoz. Urteurrena aprobetxatuz, lekuz mugitzea pentsatu duzue?

Duela urte bat ireki genuen museoa eta Etxeberria etxean dago momentu honetan, hau da, etxe partikular baten beheitiko solairuan. Hala ere, hasieratik bagenekien museoa ttiki geldituko zela, hor dauden piezak azkeneko 15 urteetan aurkitu denaren zati ttiki bat bertzerik ez direlako. Covid-19a ailegatu aitzinetik anbizio handiko proiektu bat bagenuen, eliza ondoko lur eremu batean, herriko sarreran, bisitari zentro bat eraikitzeko. Baina koronabirusarekin proiektua birplanteatu behar izan genuen. Kultura Ministeritzatik 300.000 euroko dirulaguntza jaso genuen eta duela gutxi Agerrea etxea erosteko aukera sortu zitzaigun, herriko plazan dagoen etxe handi eta dotore bat. Teilatua konpondu beharko dugu, arras zaharra dagoelako, eta gero dirulaguntza gehiago lortzen saiatuko gara. Hurrengo urtean izanen da 500. urteurrena, eta guk ez dugu bertze 500. urtebetetzerik biziko. Hortaz, administrazioan gaudenok gure memoria historikoa bizirik mantentzen laguntzeko  aprobetxatu behar dugu. Etxearen erosketa duela hilabete bat sinatu genuen eta ekitaldi ttiki batekin ospatu genuen. Azken 15 urteotan indusketa-lanetan ibili dira gazteluan Aranzadi Zientzia Elkartekoak, eta ordutik orain arteko alkate guztiak elkartu ginen, bat izan ezik. Pedro Mari Esarte ere han izan zen, Amaiurko Gazteluko historiari buruz aunitz idatzi duena. Bertso pare batekin, agurra dantzatuta eta aperitiboarekin, ofizialki aurkeztu genuen kokaleku berria herritarren aitzinean.

Zein zerbitzu eskaintzen dituzue bisitariendako?

Museoa egunero irekitzen dugu, astelehenetan izan ezik, eta informazio guztia amaiur.eus web orrian dago eskuragarri. Indusketa-lanetan berreskuratutako material arkeologikoak daude bertan ikusgai. Gaztelura bisita gidatuak ere egiten ditugu, eta arras interesgarriak dira.

Gaztelu eta museoarekin, gero eta jende gehiago ibiliko dira herrian. Nola kudeatzen duzue turismoa?

Baztango Udalak plataforma berri bat martxan jarri du turisten mugimendua kontrolatzeko. Erratzun arazo handiak zituztela ikusita eta hemen berdina ez gertatzeko, Amaiurko Gaztelua eta Xorroxingo Ur-jauzia bisitatzeko aldez aurretik aparkalekua eta sarrera erreserbatu beharko da, edukiera mugatuarekin. Erreserba Internet bidez egin daiteke eta oraingoz debalde da, proba egiten ari garelako. Hasierak ez dira errazak eta baliabideak ere falta ditugu oraindik, hortaz jendea despistatuta ibili da eta zalantzak izan dira herritarren artean, baina aldaketak daudenean normala da. Guk ez dugu oztoporik paratu nahi,  elkarbizitza erraztu nahi dugu, herritarrak eta kanpotik etortzen direnak ongi moldatzea eta batak bertzeari oztoporik ez egitea. Asmoa ona da eta zaila bada ere momentuz ongi doa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun