«Urte hauetan guztietan aunitz ikasi dugu Abesbatza Ttikiarekin»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 24a, 08:00
Zutik, ezkerretik hasita, Kristina eta Maki Urtasun Jaimerena.

Maki eta Kristina URTASUN JAIMERENA Elizondoko abesbatzako zuzendariak

Zirraraz bizi dute abesbatzaren emanaldi bakoitza Maki eta Kristina Urtasun ahizpek, eta hori horrela izateko, ilusioz eta gogoz lan egiten dute entseguetan. Aunitz erakutsi eta aunitz ikasteko bide eman die orain arte egin duten ibilbideak.

Hamabortz urte joan dira Kristina eta Maki Urtasun Jaimerena Elizondoko Abesbatzan kantatzen hasi zirenetik eta dozena bat pasatu dira Abesbatza Ttikia sortzeko lehenbiziko pausoak eman zituztenetik. Hasiera-hasieratik jendearen arreta erakartzea lortu zuten eta 30 bat gaztetxorekin hasi ziren lanean. Ordutik asteazkenak kanturako eta gozamenerako egun bilakatu dira Urtasun ahizpendako, baita eurekin bat egitea erabaki duten hamarnaka baztandar gaztetxorendako. Aurtengoa ikasturte berezia izan da eta, parte-hartzaile gutiago izan dituzte. Kopuruan ez ezik, entsegu eta kontzertuetan ere aldaketak egin behar izan dituzte. Musukoa jantzita eta segurtasun neurriak hartuta aritu dira eta ohi baino emanaldi gutiago egin dituzte. Hurrengo urtean, ahal den heinean, ohiko martxa berrartu nahi dute, bidaiak eta irteerak eginez. 

Noiz eta nola sortu zen Abesbatza Ttikia? 
Elizondoko Abesbatzan 2005ean hasi ginen kantatzen, eta 2008an abesbatza ttikia sortzearen ideia azaldu zen. 

Nolakoa izan zen hasiera hori?
Abesbatza haundiko talde bat bildu ginen, gure zuzendaria, Isabel Lacar, barne eta hortxe hasi ginen abesbatza ttikia sortzeko aukera aztertzen. Ez genekien zer erantzun izanen genuen, iragarkiak patzen hasi ginen eta 30 haur inguru apuntatu ziren. Irailean hasi eta urtarrilean gure lehenbiziko kontzertua eman genuen, zazpi kantarekin. Hasieran arras urduri geunden eta beldur haundia genuen... baina aitzinera egin genuen.

«Gaztetxoek lan handia egiten dute emanaldiak prestatzen»

Zuzendarietako bat zara… 
Bai, Kristina ahizpa eta biok hasi ginen hasiera-hasieratik. Guk solfeoa genekien eta, erran dudan bezala, Elizondoko Abesbatzan kantatzen genuen. Gure zuzendariak animatu gintuen, eta hortxe gaude ordutik.  Ikastaro aunitz egin ditugu eta horretan segitzen dugu, beti ikasten. Badugu laguntza ere, hor ditugu beti Edurne Biguria, Gurutze Aizpuru, M.Joxe Alaña, Jexux Baylon, Mertxe Barbero, Jaime Biguria, Amaia Cordoba, Xabi Urtasun, Joanes, Miren, Txomin Atxu... Eta jende gehiago ere badago, beraz, hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu den-denei. Talde ona dugu, dudarik gabe.

Zein izaten dira zuen egitekoak?
Lehenik zer kantatu erabaki behar izaten dugu, gero kanta horiek bien artean banatu, ikasi, gure taldera egokitzeko moldatu… Entseguetan Kristina ttikiez arduratzen da, eta haundiekin biek aritzen gara, kantuen arabera. Edurne pianoan izaten dugu beti. Kontzertuak antolatzen eta biak aritzen gara. 

«Guretzat zirraragarria da prestaketa lan guztia»

Non eta noiz izaten dituzue entseguak?
Orain Iruritako Gizarte Bilgunean egiten ditugu asteazkenero. Batzuetan, kontzertua dugunean, bertze entseguren bat ere egiten dugu.

Emanaldi bakoitzaren gibelean lan handia dago...
Bai, egia erran gaztetxoek lan haundia egiten dute: kantak eta letrak ikasi, ahots desberdinak edozein hizkuntzatan, afinazioa, ahotsaren emisioa, mugimendua... Eta horrez gain, emanaldirako tokiak bilatu, bertze taldeekin solastatu, musikariekin kontaktatu, autobusa eta lo egiteko tokia bilatu... behar izaten dugu. 

Nola bizi duzue prestaketa hori guztia?
Guri aunitz gustatzen zaigunez arras gustura aritzen gara. Kristina eta bioi zirrara handia eragiten digu eta batak bertzea kutsatzen du: 'hau egin behar dugu, bertzea egin behar dugu...' aritzen gara. Eta laguntzen digutenek martxa segitzen digute. Gaztetxoak ere gehienetan etortzen dira entseatzera, batzuetan azterketak edo kirola dute eta ezin dute baina gehienetan ez dute huts egiten.

Zenbat kidek osatzen dute Elizondoko abesbatza ttikia?
Aurten 35 inguru ditugu, koronabirusagatik batzuk ez dira animatu. Hala ere, laguntza moduan etortzen dira aurten ez dauden gaztetxo batzuk: Alba, Paula, Nahia, Izaro... Eskerrak hauei ere.

Zertan aldatu da hasiera hartatik abesbatzaren martxa?
Hasieran denak berriak ginen, bai haurrak baita gu ere. Badira gaztetxoak hasiera-hasieratik gurekin daudenak. Horiek aunitz ikasi dute: ahotsaren emisioa, ahots desberdinak egiten, gorputz perkusioa, mugimendua… Beranduago sartzen direnek imitazioz ikasten dute. Beraz, ikasketa aunitzez azkarrago doa. Guk ere ikasi dugunez, kanta zailagoak eta afinatuago egiten ditugu eta soinua hobetuz joan da urteetan. Parte-hartze haundiena, musikala egin eta hurrengo urtean izan zen. Orduan mundu guztia animatu zen.  Eromena izan zen, baina zer eromen polita! Ez genuen bertze gauzarik buruan.

Azken urte hau arraro samarra izan da. Zertan eragin dizue?
Urrian hasi ginen, zenbat denboraz segitzen ahalko genuen jakin gabe. Entseguetako tokia aldatu dugu, gela haundiago bat bilatu eta distantziak mantendu ahal izateko. Maskara erabiliz kantatzen dugu eta entseguetan ere halaxe aritzen gara. Ez da batere erosoa, ez da modu berean aditzen, baina ez dago bertze aukerarik. Gaztetxo batzuk konfinatuak egon dira tarteka, baina nahiko martxa normala izan dugu. Hasieran kontzertu gutiago egin ditugu, baina orain akabaila aldera animatu gara, beti ere arauak errespetatuz. Lehenbiziko hiruhilekoan suabe hasi ginen, EITBra bidaltzeko kanta bat grabatuz, eta Eguberriak baino lehen kontzertua eman genuen. Azken hilabeteetan kontzertuak egin ditugu: Iruritan, Elizondon, Urdazubin... Azken horretan bertako eskolako ikasleekin egin genuen saioa.

Ekainaren 25ean eta 26an, dantzariekin batera, emanaldi berezi bat izan zenuten Iruritan... 
Bai, dantzak eta kantak, argiak... ikuskizun ederra izan zen. Joan den urtean saio bakar bat egin ahal izan genuen, baina aurten bi egin ditugu.

«Afinazioa, ahotsak... arlo aunitz lantzen ditugu»

Udan bertzerik izanen duzue? 
Uztailaren 30ean Terra emanaldia izanen dugu berriz ere Iruritan. Udarako momentuz bertze deus ez dugu deus, koro ttikiak normalean ekain hasieran akitzen baitu... Aurten pixka bat luzatu dugu, baina udan segur aski, deskantsua izanen dugu eta hurrengo ikasturtean bueltatuko gara. 

Irailean berriz ere izen-ematea irekiko da. Nola animatuko zenituzke parte hartzera? 
Talde batean abestea ederra dela erranen nieke. Arlo aunitz lantzen dira eta, ahal bada behintzat, bertze urteetan egin dugun bezala bidaiak eta irteerak eginen ditugu. Kanta politak ateratzen direnean ongi sentitzen gara. Nahiz eta kanta batzuk ikastea kosta egiten den, emaitzak merezi du, zenbat eta zailagoa izan orduan eta gehiago. Kantatzea gustuko baduzue, etorri, probatu eta gero erabakitzeko aukera izanen duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun