Itsaso Arretxea Goñi

«Elizondoko ez-bestetan ekitaldi batzuk izanen dira, baina ez nolanahi»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 4a, 08:00
2017an sartu zen besta batzordean Itsaso Arretxea Goñi.

Kontzertuak, mariatxiak, haurrendako ekitaldiak... antolatu dituzte Elizondon aurtengo ez-bestetarako. Joan den urtean ez bezala, «eserita eta distantziak mantenduz» gozatzeko aukera izanen dute aurten.

Ia urte erdia bestei begira pasatzen du Itsaso Arretxea Goñik (Elizondo, 1995). Herriko besta batzordeko kidea da eta «otsail bukaeran hasita» uztail hondarrera arte santiagoak antolatzeko lan egiten du. Maite ditu bestak, baita horien bueltan antolatzaileen artean izaten duten giroa ere. Joan den urtean, ia dena lotua zutenean, birusa ailegatu zenez, ez zituzten ospatzerik izan. Eta egun horietan «huts haundia» sumatu zutenez, aurten «ekitaldi batzuk» antolatu dituzte. Hala ere, argi dute ez direla aitzineko urteetako bestak izanen: «neurri guztiak errespetatuko ditugu». 

Noiz eta zergatik sartu zinen besta batzordean?

Inguruko batzuk besta batzordean zeuden, haiek solastatzen aditu nituen eta giro arras ona zutela nabaritu nuen. Gainera, nire herriko bestak direnez eta disfrutatzen ditudanez jakin- mina sortu zitzaidan.

Zenbat laguneko taldea arduratzen da Elizondoko besten antolakuntzaz?

Aurten hamar gara, hala ere, urtetik urtera jende kopurua aldatzen joaten da. Urteroko bestak ospatzera bueltatzen garelarik jende gehiago elkartzea espero dugu, orduan lan gehiago izanen dugu eta.

«Hasieratik izan dugu argi aurten seinaleren bat eginen genuela»

Itsaso ARRETXEA GOÑI, Elizondoko besta batzordeko kidea

Nola banatzen dituzue ardurak?

Orokorrean denok denetarik egiten dugu. Kontzertuak, haurrendako ekintzak, dantzak… Bestak ospatzen direnean egun bakoitzean bizpahiru arduradun egoten gara, nahiz eta besta egun guztietan izaten dugun zereginik. Horrez gain, mahaiak paratzeko, trasteak toki batetik bertzera eramateko... kuadrillen laguntza izaten dugu.

Joan den urtean ez zen herriko bestarik izan... Nola bizi izan zenuen egoera hori?

Pena handiarekin hartu genuen berria. Ez genuen esperantza handirik baina dena antolatua genuen... Guti goiti-beheiti bestetako egun guztietako ekitaldiak hetsita genituen, eta denei abisatzea tokatu zitzaigun.

Eta aurten, zer da erabaki duzuena?

Nafarroako Gobernuak erran duen bezala ezin dira herriko bestak diren horretan antolatu. Horren partez, besta egunak beharko luketen horietarako hainbat ekitaldi antolatu ditugu keinu gisa. Noski, neurri guztiak errespetatuz eginen dira ekitaldi horiek.

Noiz egin zenuten besta batzordeko lehenbiziko bilera?

Normalean otsailean izaten dugu lehenbiziko bilera. Aurten apiril bukaeran elkartu gara lehenbizikoz. Egoera arruntean ordurako dena hetsita izaten dugu... Ekitaldi guti antolatuko ditugunez, ez dugu lehenago biltzeko beharrik izan.

Noiz eta zergatik erabaki zenuten zerbait antolatzea?

Lehenbiziko bilera hartara denok asmo horrekin joan ginen, besten faltan zerbait egin nahi genuen...

«Neurriak hartzea denon erantzukizuna da»

Itsaso ARRETXEA GOÑI, Elizondoko besta batzordeko kidea

Aurtengo ez-bestak antolatzea lan handia izan da?

Antolatzerako orduan eta ekitaldiak aukeratzerakoan aunitzez lan gutiago izan dugu. Baina besta egunetan lan handia izanen dugu segur aski. Izan ere, arauak, segurtasun distantzia… dena ongi kontrolatu beharko dugu. Hala ere, argi dago denon erantzukizuna dela eta jendeak arauak errespetatu behar dituela. 

Zer motatako ekitaldiak antolatu dituzue?

Kontzertuak, mariatxiak, haurrendako ekitaldiak… Ekitaldi hauetan parte-hartzaile kopurua mugatua izanen da, aulkietan eseriko dira eta distantzia mantendu beharko da.

Nola kudeatuko duzue hori?

Dena hetsita dugu baina hori falta zaigu. Legea etengabe aldatzen ari da eta...

Zertan aldatuko dira aurtengo bestak?

Ohiko bestetako ekitaldiak ez dira izanen: bazkariak, txaranga, zutik aditzeko kontzertuak... aurten ezin izanen dira egin.

Zein ekitaldi da bereziki faltan sumatuko duzuna?

Batetik, kontzertuak zutik eta distantziarik gabe ikustea; eta bertzetik, zikiroa eta Gazte Eguna.

Herrira joatekoak direnei, zer erranen zenieke?

Ongi pasatzeko eta ekitaldiez disfrutatzeko, arauak errespetatuz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun