Belate eta Almandozko tunelen bikoizketaren aurre-proiektuak kanpoan uzten du Mendiolatik N-121-A errepidera dagoen sarrera, «auzokideak San Blas bentatik eta Belateko gainetik pasatzera derrigortzen dituena». Aurre-proiektuaren kontrako alegazioa aurkeztu zuen asteartean Sarrateak Elizondoko Abeltzaintzako Departamentuan. Herriko alkateaz gain, «Baztango alkateak, Joseba Otondok, udal gobernua ordezkatuz sinatu zuen, baita oposizioko zinegotzi guztiek ere». 143 sinadura bildu dituzte herrian, «herritarrenak eta kaltetuak diren bizilagunenak, bide horretatik pasatzen direnak». Sarrateak dioenez, udako egoeraren arabera, «mantsoxeago edo agudoxeago, erantzunen bat espero dugu».
Herritarrek salatu dutenez, «gaur egun dugun zerbitzu bat da, hortaz, lotura zuzen hori mantentzea eskatzen dugu. Errepide nazional bat izanik, Nafarroako Gobernua orain arteko zerbitzuak mantentzera eta leheneratzera behartuta dago, baina behin ere ez makurtzera edo kentzera».
«Herri ttikiak suspertu behar direla erraten dute baina kontrakoa egiten ari dira»
Pello SARRATEA SANZBERRO, Almandozko alkatea
12 baserri eta etxebizitza ditu gaur egun Mendiola auzoak, beraz, «familia ugari dira bertan eguneroko bizitza egiten dutenak». Oinarrizko zerbitzu guztiak auzotik kanpo dituzte eta «ezinbertzekoa da etengabe atera edo sartu behar izatea. Badira eskolara joan behar duten haur ttikiak edo medikuarengana joan beharra duen adineko jendea». Errepiderako lotura kenduta, Belateko portutik egin beharko dute itzulia egunero, denbora eta distantzia nabarmen handituz (4 km gehiago Irungo noranzkoan eta 5,5 km Iruñea aldera joateko).
Gainera, emergentziarik gertatzekotan, larrialdi zerbitzuak denbora gehiago beharko dute auzora ailegatzeko. «Argi eta garbi dago ezin direla pertsonen osasunerako diren zerbitzuak degradatu edo kendu».
Honez gain, Belateko portua, mendiko errepide bat izanda, «arriskutsuagoa» dela salatu dute. Neguko eguraldiarekin haizea, euria eta batez ere lainoa ohikoak dira, «ibilgailu bat ibiltzeko ikuspena minimora murriztuz». Mendiola eta San Blas bentaren arteko tartea da arriskutsuena, «malda handiak eta kurba hetsiak dituen bidea baita, inolako segurtasunik gabe».
Mendiola eta N-121-A errepidea lotzen dituen bidegurutzean «orain arte ez da auto istripu bat ere izan tunelak 1997 urtean ireki zirenetik. Orain ere, zati horretan bien arteko lotura izateak ez du inongo arriskurik suposatzen». Sarrateak argi du «arazoa ekonomikoa dela, ez teknikoa. Hainbertze erraten dute auzoak eta herri ttikiak suspertu behar direla baina neurri hauekin kontrakoa egiten ari dira».