Baztan Ikastolaren 50. urteurreneko diskoa eta bideoa eskuragarri da dagoeneko

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko eka. 28a, 14:00
Baztan Ikastolako ikasle, guraso eta irakasle direnek eta izan direnek auzolanean egin dute diskoa eta bideoa.

CD-DVDa Elizondoko Axular eta Fantxiken, Erratzuko Altxuko dendan, Doneztebeko Ostiz liburu dendan, Lesakan Ekaitza kafetegia edo Berako Errekalde ostatuan eskura daiteke eta baztanikastolage@gmail.com helbidearen bidez ere eskatu ahal da.

1970-71 ikasturtean sortu zen Baztan Ikastola. Seme-alabek euskaraz ikasteko zuten ilusioak bulkatuta abiatu zuten hainbat gurasok eta 27 ikaslerekin ireki zituzten ateak. Aurten 50 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko hainbat ekimen izan dituzte ikasturte honetan.

Ikasturtea eta urteurrena borobiltzeko Baztan Ikastola-Musikak erakusten du nola dantza izeneko CD-DVDa argitaratu berri dute. Izenburuak berak aunitz erraten du, izan ere, Musikak erakusten du nola dantza erranairuak, batetik diskoari erreferentzia egiten dio, hainbat kantu eta dantza biltzen dituelako, eta bertzetik eta ederki laburbiltzen du ikastolaren historia, momentuan momentukoa bizi izan duen eta bizi duen ikastola, garai hobeak eta makurragoak ezagutuz, bidean aurkitutako oztopoak gaindituz beti egin du aitzinera, gaur den egunera arte.

Baztan Ikastolako Guraso Elkarteak bulkatutako proiektua da, ikastolaren filosofia barnebilduz, auzolanean egina, jende aunitzen lanari esker. Gaur egun Baztan Ikastolaren partaide diren ikasle, irakasle eta gurasoek hartu dute parte, hala nola, ikasle ohiek, irakasle ohiek eta guraso ohiek. Auzolan erraldoia izan da.

Duela bizpahiru urte hasi ziren proiektu hau pentsatzen eta martxan jartzen, eta hasieratik helburu argia izan zuten, hau da, Baztan Ikastolaren 50. urteurrena gogoratzea izan da asmoa, gogoratu eta ospatu, baina ez soilik gibelera begiratuz, oraina eta etorkizuna ere kontuan hartu nahi genuen. Izan ere, Baztan Ikastola koskortu zaigu, baina bizirik dago, osasuntsu, ilusioz gainezka eta CD-DVD hau ere horren isla da. Ez da soilik Baztan Ikastolaren historia kontatzen duen lan bat, baizik eta Baztan Ikastolak jendarteari egiten dion ekarpena, edozein lekutan entzun eta ikusteko CD eta DVDa dira proiektu honen ardatza, kantatu, dantzatu eta ikasteko balio duten kantuez osatuak.

Edukia

Baztan Ikastola. Musikak erakusten du nola dantza izeneko lana 11 kantuz osaturiko CDak, 11 bideoz osaturiko DVDak eta duela hiru aste aurkeztu genuen 50. urteurrenaren harira egindako dokumentalak osatzen dute.

Bildumako 11 kantuetatik 10, proiektu honetako sorturikoak dira, gai aunitz jorratzen dira eta musika eta hainbat letra biltzen dituzten kantuz osatua dago, koreografiak eta bideoak bezala, egile bakoitzak bere sinadura utzi du sorkuntza lanean.

Kantuen bidez, gibelera begirada bat egiten da, baina hori baino gehiago, orainari eta etorkizunari begiratzen dio, izan ere kantuetan ikastolak lantzen dituen balore desberdinak transmititu nahi izan ditugu, ikastolaz harago, jendarte osoarendako baliagarriak direnak, errate baterako, euskara, jazarpena, egunerokoan erabiltzen diren kortesia moldeak, fruta jaten ikasteko kantua, edota ohiko euskal dantzen bertsio berriak ere proposatzen dira.

Anitza da, Baztan Ikastola bezala, oro har jendartea bezala, eta bide horretan, hainbat estilo aunitz jorratzen ditu, edonork kantatu, dantzatu eta ongi pasatzeko kantu eta bideoen bidez. Ikasketarako ere baliagarria da, edozein etxe edo ikastetxetan material didaktiko gisa erabil daiteke.  

Bertzalde, 11. kantua, Hamabortz Ama Bat, 2015. urteko Nafarroa Oinezerako egindako kantua da. Kantu honen bidez bidean joan zaizkigunak gogoan izan nahi ditugu. Jon Barberenak egin zuen kantu horren letra. Jonek, proiektu honetan parte hartzeko konpromisoa hartu zuen, baina zoritxarrez, ezin izan zuen parte hartu. Bere omenez, eta gaur hemen ez dauden Baztan Ikastolako partaide izandako guziak gogoratzeko keinu gisa diskoa honetarako berreskuratu dugu kantua.

Kantuez gain, 50. urteurreneko dokumentala ere agertzen da CD-DVDan, Baztan Ikastolaren historiaren zati bat erakusteko asmoz egina, hainbat garaitako irakasle, ikasle eta gurasoen parte hartzearekin.

Sorkuntza prozesua

Sorkuntza prozesuari dagokionez, jende aunitzek hartu du parte. Musika, letrak, koreografiak eta bideoak, baita diskoaren diseinu lanak egiterakoan ere, prozesu guztia auzolanaren bidez egin da, bakoitzak bere alorrean lan eginez eta lan guztiak uztartuz. Jende aunitzen lana dago gibelean, eta hori ere nabari da kantu edota bideoetan, izan ere, bakoitzak bere estiloa landu du eta emaitza ederra izan da, anitza. Lan handia izan da, bai, baina gustura egindako lana izan da, guztiz aberasgarria.

Grabaketak

Grabaketaren zati bat Josu Erbitiren Drum Groove Studioan egin da, eta bertze zati bat, berriz, Elizondon berean, estudio mugikorraren bidez. Gaur egun ikastolako ikasle diren 200 ikasleek hartu dute parte, eta baita irakasle, guraso, irakasle ohi, ikasle ohi eta guraso ohi aunitzek ere.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun