Joseba OTONDO

«Etxebizitzen zaharberritzeak errazteko politikak behar dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 26a, 09:15

Joseba OTONDO, Baztango alkatea

Herriguneak husteko joera irauli nahian, Baztango Udalak hainbat neurri hartu ditu eta horien artean, «tresna nagusia Baztango Herriguneak biziberritzeko Hiri Jarduketa Plan Berezia» dela azaldu du Joseba Otondo alkateak: «ondoko urteetan etxeen zaharberritzean zein berrerabileran eta herriguneen biziberritzean sakontzeko oinarria paratu nahi dugu». 

Lau erronka nagusi

«Baztanen etxebizitzen % 60 edo gehiago XX. mendea baino lehenagokoa» dela eta «aunitz etxetzarrak» direla kontuan hartuz, «lau erronka orokor» dituzte. Batetik, etxetzar horien «sustapena» egin nahi dute: «orain arte etxetzarrak familiek edo eraikuntza etxeek berritu izan dituzte. Ez dago gaizki, baina ez da aski». Horregatik «kolaboratiboak eta kooperatiboak diren bertze formulak landu behar direla» uste du. «Baztango Udala sustapen kooperatiboan eta kolaboratiboan ari diren eragileekin harremanetan dago eta urriaren 1ean EHUrekin udako ikastaro mamitsua antolatuko dugu».

Bertzetik, bizigarritasun baldintzak aipatu ditu: «garai batean, bizigarriak ziren baldintzen azpitik egiten ziren etxeak, eta indarrean den bizigarritasun legeak ez ditu etxetzarren berezitasunak aintzat hartzen». Hala, «aitzineko agintaldian Nafarroako Parlamentuan bizigarritasun baldintzak arautzen dituen foru dekretua aldatzeko eskatu genuen, eta legealdi honetan gobernua horretan ari da».

Hirugarrenik, «gure herriei xarma ematen dieten etxetzarren ondare arkitektonikoa zaintzearen eta berritzeko beharraren arteko oreka» bilatzea garrantzitsua iruditzen zaio eta horregatik, «ondarearen zerbitzuko teknikariarekin etengabe gogoetan» ari direla aitortu du.

«Etxebizitza oinarrizko eskubidea da baina gaurko egunean negoziorako ondasun bat da».

Azkenik, «herritarrak eta etxejabeak sentsibilizatzeaz» aritu da Otondo: «etxebizitza oinarrizko eskubidea da baina gaurko egunean negoziorako ondasun bat da, eta ahalik eta gehien irabazi nahiak etxeen zaharberritzea zailtzen du. Horrez gain, fiskalitatearen eztabaida aipatu behar da».

Alokairu Poltsaren mugak 

Baztango Udalak 2016an bat egin zuen gobernuaren Alokairu Poltsa Programarekin, etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko. Otondoren hitzetan, «etxeak alokairuan hartzeko eskaera handia da Baztanen, baina eskaintza mugatuagoa da». Programak berak ere mugak ditu: «etxejabeei baldintza jakin batzuk eskatzen dizkie, baina Baztanen, gehienak XX. mendea baino lehenagokoak izaki, zaila da betetzea».

Gaia «konplikatua» dela azaldu du, eta «ez dut uste etxejabea auzoko barridea izanik, bera denik hainbertze etxebizitza hutsik egotearen erantzule bakar eta nagusia». Etxetzarrek  duten «konplexutasun handia» ere azpimarratu du eta horri «lurra kalifikatu eta horietan etxe berria egitea errazagoa izan den kultura» gehitu dio: «ez da herrietatik bultzatutako joera izan, makroekonomiaren parte baizik, baina etxebizitza beharrari konponbidea emateko etxeak zaharberritzea edo berrerabiltzea baino aise merkeagoa izan da berriak egitea».

«Zorionez, gero eta jende gehiago kezkatzen da hutsik dauden edo hutsik gelditzen ari diren etxebizitzez».

Bere irudiko hori ez da bidea, eta «herriguneak husten ari direla ikusirik, dagoena berrerabiltzea eta zaharberritzea erraztuko duten politika publiko berriak» eskatu ditu. Argi du aldaketa «ez dela egun batetik bertzera etorriko», baina hori du jomuga: «Baztanen eztabaida sozial hasiberri baten erdian gaude. Zorionez, gero eta jende gehiago kezkatzen da hutsik dauden edo hutsik gelditzen ari diren etxebizitzez».

Erronka, beraz, identifikatua dute, «nekazaritzako lurrak artifizial bihurtu beharrean, hutsik dugun etxebizitzen parkea mugiarazi» nahi dute, eta «bakoitzak bere tokitik eginez, hemendik urte batzuetara» etorkizuna hori izatea nahi luke Otondok, «etxeak zaharberriturik jendea horietan bizitzea, formula kooperatiboak eta kolaboratiboak ohiko formula bilakatzea, eta horrela, herriguneak birgaitzea eta biziberritzea». 

Aroztegiko proiektuaz

Bide horretan, Lekarozko Aroztegian egin nahi duten 228 etxebizitza eraikitzeko proiektuak «etxebizitza beharrarekin ez duela ja ikustekorik» argi utzi du: «pelotazo urbanistikoa da. Orain dela 40 urte egiten zena da, horrek ekarri zigun 2008ko higiezinen krisia eta horren ondorioz hainbertze banku erreskatatu behar izan zituzten eta hainbertze murrizketa sozial etorri ziren». Bere hitzetan, «gehiengo sozialarendako irabazpiderik ez duen eredu horretan tematzeak ez du zentzurik. Aroztegia egin behar ez litzatekeenaren adibide argiena da». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun