600.000 euro inbertituko dituzte Aritzakungo eta Urritzateko pistak zolaberritzeko

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 17a, 12:00
Nafarroako parlamentariak, Baztango udal ordezkariekin eta bizilagunekin asteazkenean Aritzakungo bidean.

Nafarroako Parlamentuko Lurralde Kohesiorako Batzordeak Baztango Aritzakun eta Urritzate bisitatu zituen atzo. Bi auzo hauek 16 kilometroko sarbide nagusia dute asfaltatu gabe eta, gaur, Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak, kreditu berezi bat onartu du 5 kilometroko zolatze-proiektua gauzatzeko.

 

 

Nafarroako Parlamentuko alderdien ordezkariei harrera egin zieten Joseba otondo Baztango alkateak, Florentino Goñi zinegotziak, Aitor Bazterrika mendizaina eta Patxi Borda Aritzakungo bizilaguna.

Bisitaren helburua, proposamena egin duen EH Bilduko bozeramaile Adolfo Araizek zehaztu duenez, hau izan da: «Beren kokapenagatik eta sarbidearen egoera txarragatik inkomunikatuta dauden Aritzakun eta Urritzateko 22 bizilagunen egoera in situ ezagutzea eta, horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuari kreditu berezi bat ematen dion Foru Lege proiektuaren egokitasuna egiaztatzea».

 

600.000 euroko aurrekontua

Joseba Otondo Baztango alkateak zehaztu duenez, «proiektuak 600.000 euroko aurrekontua du eta zolaketa hobetuko dute orain 5,2 km-ko luzeran, lau zatitan banaturik». Zolaberritze lanak abuztu eta azaro bitartean eginen direla aurreikusi dute eta nabarmen hobetuko da bi auzoetako bizilagunen zerbitzu publikoetarako sarbidea».

Otondok gaineratu duenez, «nahiz eta proiektu honek ez duen kontuan hartzen bide nagusiko 16 kilometroak zolaberritzea (baserrietara iristeko bertze bideak kontuan hartu gabe), azpiegitura berriarekin erosoago eta seguruago ibiliko da, joan-etorrietako denbora guttituz eta bide-segurtasuna handituz».

Parlamentariek autoz ibili ziren atzo Aritzakunen eta Urritzaten barna, eta 22 bizilagunek beren egunerokotasunean bizi duten egoera bertatik bertara ezagutu zuten Patxi Borda bizilagunaren eta Bidegorrieta baserriaren familiaren eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun