Landa eremuetako turismoaren kudeaketarako eredua lantzen hasi da Baztango Udala

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 11a, 16:00
Landa eremuetako turismoaren kudeaketari buruz gaur egindako prentsaurrekoa. Argazkia: ONDIKOL

«Jasangarritasun eta lankidetzan oinarriturik», Baztango landa eremuko turismoaren kudeaketarako azterketa egiten hasi da Udala Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiarekin batera. Horretarako, Amaiur herria izan dute aztergai.

Turismoaren etorrerak «hain sentiberak diren herri eta gune naturaletan eraginak sortzen ahal ditu» eta ondorioz, «martxan jarri beharreko estrategia argi dugu: tokiko oreka mantentzea ezinbertzekoa da eta herrien jarraikortasuna erdigunean behar dugu».

Baztango turismoaren egoera ezagutzeko, Amaiurren egin dute lehenbiziko azterketa Udalak eta Gobernuak, Amaiurko Herriaren laguntzarekin. Gainera, Erratzuko Herriko ordezkariekin ere aurrerapausoak ematen hasi dira. Meridiano Zero enpresaz baliatu dira azterketa egiteko; turismo-profilaren ezaugarritze kualitatibo eta kuantitatiboa egin dute, baita sortzen diren sinergien azterketa.

Iazko abuztuan Elizondoko turismo bulegotik pasatutako turisten %43a Katalan Herrietatik etorri zen, Madrildik, berriz, %17a. Honez gain, karrika kontaketa ere egin zen Amaiurren, hurbileko turistak ez baitira turismo bulegora hainbertze joaten. Emaitzen arabera, %70a Euskal Herrikoa izan zen, %25a Katalan Herrietakoa, %15a estatuko bertze lekuetakoa eta %8a Madrilgoa.

Egonaldien bataz-bertzeko gau kopurua ere aztertu zuten, 2-3 gau izanda emaitza ugariena. Landetxea izan zen ostatu mota nagusia, %32,6a, ondotik hostal, hotel eta pentsioak %25,6arekin eta hirugarren kanpin eta aterpetxeak %14arekin. Apartamentu turistikoak %8,5a izan ziren, baita autokarabanak ere. Pertsona kontagailuak ere paratu zituzten; iaz Xorroxinen 50.000 pertsona izan ziren.

Ondorioak ikusita, Kaizen-Eureka enpresari bideragarritasun plan bat sortzea eskatu zioten. Plan horretan Amaiurren baliabideak (gaztelua, arkeologia, zentro berria, errota, eraikiko duten aterpetxea, paratu nahi duten tasa bidezko parkinga...) kontuan hartuta, 5-6 lanpostu sor daitezke goi-denboraldian. Baliabideen saretze honetan parte hartuko dute Amaiurko Herriak, Gaztelu Elkarteak, Baztango Udalak, Nafarroako Gobernuak eta bertzelako erakundeek, Aranzadi Zientzia Elkarteak, adibidez. Hala ere, argi utzi dute «hitzarmenaren aukera proposamen bat dela» eta «datorren hilabeteetan landuko dela honen forma eta pertinentzia».

Akitzeko, uda honetan interesguneak bisitatu nahi dituzten turistendako erreserba plataforma bat abiatzeko asmoa adierazi dute, «ez litzateke oraindik tasarik ordaindu beharko baina erreserba egin beharko litzateke». Ekaina bukaeran emanen dute honi buruzko informazio gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun