Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren bitartez, zundaketak egin zituen joan den astean Belateko tunelean, eremu horretako geruzak osatzen dituzten 250 milioi urtetik goitiko arroken erresistentzia zehazteko. Lanei esker, tunel horren bikoizketa eraikitzeko beharrezkoak diren irtenbide teknikoak eta errefortzuak ezarri ahal izanen dituzte.
Hiru gauez, 23:00etatik 06:00etara egin dituzten azterketa hauetan tuneleko lurpearen informazio geologikoa eta geoteknikoa bildu dute, bi arroka moten, pizarra beltzen eta pelita gorrien, presentzia zehazteko eta finkatzeko. Horrela, mugimenduak saiheste aldera, kontrabobeda sendo bat zein tartetan eraiki beharko den erabakiko dute.
N-121-A errepidean kokatutako Belateko eta Almandozeko tunelak bikoizteko trazatu berria gaur egun dagoenaren alboan dago, 30 eta 100 metro arteko tarteen araberako tuneleko ardatzen artean bereizita.
Zulaketak Belateko erdigunean
Probak egin dituzte Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektua idazteko enpresa esleipendunaren elkartea osatzen duten Geocontrol SA eta PJS Proyectos, Estudios y Servicios Técnicos de Navarra SA (SERTECNA) enpresetako zulaketa-talde batek eta entsegu-talde batek.
Zundaketak 800 metroko tarte batean egin dituzte, Belateko tunelaren erdigunean. Horretarako, galtzada zulatu dute eta guttienez 5 metroko sakontasuneko zuloa egin dute lurpean. Tunelaren zorupetik zati bat atera dute, “zundaketa zutabea” bezala ezagutzen dena, zeinek ahalbidetzen duen lurraren estratuak, horien konposizioa eta egitura eraketa ezagutzea.
Erauzketetan lortutako emaitzak alderatuko dituzte dagoeneko eraikita dauden tunelei buruzko informazioarekin, Geocontrol-Sertecna-ko ikuskapen kartografikoarekin eta laborategi-entseguekin, hala nola galeria berrien eraikuntzarako eremuan egindako alternatiben azterketan eta bikoizketarako azterketa geoteknikoan lortutako informazioarekin. Horrela, eskura daitezke posizioa eta erreferentzia jakiteko etorkizuneko tuneletako trazatuaren zein gunetan aurki daitezkeen pizarra beltzak eta pelita gorriak, hau da, material bigunenak eta lurraren mugimenduak eragin ahal dituztenak.
250 milioi urte baino gehiagoko materialak
Zundaketek pizarra beltzen eta pelita gorrien presentzia zehaztuko dute, tunelaren gainetik dauden materialen presioagatik plastifikatzen diren material beratsak, zeinek galerietako lurrean goraguneak eragin ahal dituzten. Pizarra beltzak Karboniferoaren garaiari dagozkio, duela 340 eta 260 milioi urte arteko epean garatu zenari, eta pelitak berriz, duela 250 milioi urte baino gehiago garatutako Permotrias garaikoak dira.
Material hauekin zundaketa zutabe bat atera ahal izateko asmoz, proba honetan Rolatec RL-48 zulatzaile bat erabili da, 4.300 kilo baino gehiagoko makina bat zein egunez egun Belateko eta Almandozeko tuneletako kontrol-gunetik mobilizatu den dagozkion zundaketak egiteko.