'Arratsalde bat gurpil-aulkian' ekimena egin dute Elizondoko Lanbide Eskolan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 13a, 14:00

Mendekotasuna duten Pertsonentzako Arreta Soziosanitarioa ikasten ari diren zortzi kidek parte hartu dute ariketan. Helburua: norberak bizitzea gurpil-aulkian egotea zer den.

Parte hartu duten zortzi ikasle hauek bizitu duten esperientziak idatzi eta partekatu dituzte:

Angelak dioen moduan «hasieran uste nuen ez zela arras zaila izanen, baina ez da horrela, konturatzen zara dena estua dela pasatzeko, justu sartzen zarela». Traba sentimendua presente egon da bere esperientzian, «gainerakoak patiorako irteeran oztopatzen nituen» eta konturatu da hobe dela zure erritmora joatea, geroxeago sartzea edo taldea aurreratzea, «aulkian, denak bertze erritmo bat baitu».

Pakik ikuspuntu horretatik dena nola dagoen begiratu ahal izan du, «ez zaude beste jendearen maila berean, ikuspegia ez da berdina eta ez duzu lehen ikusten zenuen guztia ikusten». Gainerako lagunen laguntza ere integratuta sentitzeko garrantzitsua den zerbait bezala bizi izan du; «...nahiz eta dinamika batzuk egiteko zailtasunak izan nituen, egokitu zitzaizkidan...». Eskertuta dago, esperientzia laburra izan arren «menpeko pertsona baten tokian jarri ahal izateko eta pertsona horrek bizi dezakeen egoerekin enpatia sentitzen laguntzen zaituelako».

Pilirentzat, ongi deskribatzen duen moduan, ariketa bat izan da, «nire buruak ez zuen bat egiten neukan mugiezintasunarekin», eta horrek behin baino gehiagotan desoreka egoerak bizitzera eraman du berak gorputz-enborrarekin bat-bateko egindako mugimenduen aitzinean. Berriz ere zaintzaileen garrantzia goraipatu du, «nire kideak erne zeuden, eta eskerrak ematen dizkiet haien kezkagatik».

Ainhoaren esperientzia deigarria da. Aulkiko esperientziarekin hasi aurretik, bere ingurua aztertu eta molestatu zezaketen altzarien elementu batzuk aldatu zituen «eseri aurretik lurra aztertu nuen eta aulkiak eta mahaiak mugitu nituen». Honek bere esperientzia errazten laguntzen du, «gustura sentitu naiz espazioa prestatutakoan eta lagunen laguntzari esker».

Esperientziaren urduritasuna eta kezkak bizi zituen Carmenek, ekimena proposatu zenetik gurpil aulkian zeuden pertsonei beste modu batean eta interesarekin begiratzen zien; «gurpil-aulkian zegoen pertsona bat ikusi edo topatzen nuen bakoitzean, nire finkapena sakonagoa zen, oztopo arkitektonikoetan, sarbideetan eta abar». Are gehiago, esertzean «bertzeen aldetik desberdina sentitu naiz, pixka bat beherago agian...» eta amaieran baieztatu du «klasea amaitu eta zutitu nintzenean, askatasun eta atseden ikaragarria sentitu» zuela.

Badira Yamina bezalakoak, aulkian eserita egoteaz lotsatu direnak. Sentimendu horrek autonomia galtzea eta erabakiak aldatzea ekarri dio, aurreikusitako tokira joateari utzi dio, momentu txar hori ez pasatzeko. Berak dioen moduan, «neska batzuk eserita zeuden eta lotsa eman zidan beraien aitzinetik ateratzea, ez naiz ausartu eta kalera atera gabe geratu naiz, gurpil-aulkian ikusten nautenean zer pentsatuko dutenagatik».

Desorientatua eta isolatua sentiarazi duen esperientzia ere izan da, eta Maitek kontatzen du «isolamendua arras presente dagoela, desorientatuta sentitu naiz, traba egiten nuela pentsatu nuen eta gaizki sentitu nintzen klaseko ariketak aldatu zituztenean niregatik, niri begira zeudenean». Oraingo honetan, gainontzeko ikaskideek laguntza emateko duten gehiegizko interesak arbuioa eragin du, «...besteek ekintza asko erraztu nahi zituzten eta ni bakarrik egiten tematu nintzen». Komunikazioaren eta laguntza eskatzen jakitearen garrantzia berretsi du, «amaieran aldiz, laguntza nahi izan nuen eta ez zuten horretarako beharra ikusi». Autonomia galtzea da gauzak egiteari uzteko arrazoia, esan bezala, «...batzuetan ez dituzu egiten lankideei trabarik ez egiteko...».

Silvia gurpil-aulkian mugitzeko dauden oztopo arkitektonikoez jabetu da, «mugatu samarra da erraz mugitu ahal izatea, atearen markoaren bidez igarotzean estua delako, sarrerako tapizak ez du gurpilen irristatzea errazten...» eta hanken zirkulazioan bigarren mailako efektuak sentitu zituen; «...hainbertze ordurekin posizio berean, hanka eta bizkarreko minarekin bukatu nuen. Hotza gero handiagoa zen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun