Lekarozko Aroztegia proiektuaz

'Lekarozek bizi behar du!' goiburuarekin jende andana elkartu da herriko gazteek antolatutako ikuskizunetara

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 2a, 11:00

Lekarozko herriko plazaren bazterrean gereziondo bat landatu zuten, herriko familia ezagun baten eta haurren laguntzaz

Aroztegiko eremuetan egin nahi duten «makroproiektu suntsitzailea gaitzesteko eta gure herria eta lurrek ez ditugula hiltzen utziko indarrez errateko» helburuarekin antolatu zuten Lekarozko gazteek atzoko jardunaldia. Lekarozko pilotalekuan, bertze behin, adin guzietako herritarrak elkartu ziren.

Arratsaldea herriko gazte batek idatzitako bertso xorta eder batekin hasi zuten. Ondotik, Porrotx eta Txapasek ikuskizun xume bat eskaini zioten herritarrei eta, akabailan, momentu hunkigarria bizitu zuten; herriko plazaren bazterrean gereziondo bat landatu baitzuten, herriko familia ezagun baten eta haurren laguntzaz. Akitzeko, Olaia Intziartek kontzertu berezia oparitu zien bertaratuei. Bere gitarra, pianoa eta ahotsa lagun, indarrez eta emozioz betetako emanaldia egin zuen.
Bertso xortan erraten den bezala, «bertze behin ere, argi gelditu da herri duintasuna ez dagoela salgai!».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun