Elizondoko zahar etxeko langileek mobilizazioak areagotuko dituzte hitzarmen duin bat lortu arte

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 27a, 17:00

Elkarretaratzea egin dute gaur goizean egoitzako langileek zahar etxearen aitzinean hitzarmen duin bat eskatzeko.

 

Elizondoko zahar etxeko enpresa batzordeak bidalitako oharrean, lan-baldintzak hobetu gabe bi urte baino gehiago daramatzatela salatu dute langileek; «gure enpresarentzat, IDEA INNOVACIÓN, inoiz ez da gure lan-baldintzak hobetzeko momentua, ez orain pandemiagatik, ez lehen pandemiarik gabe. Hala ere, hori ez da oztopo izan gure enpresak, IDEA INNOVACIÓNek, 2014tik irabaziak izan ditzan eta Zizurreko Bidealde bezalako egoitza berriak ireki ditzan. Aski da gezurrekin!».

Hilabeteetan, pandemiaren ondorioz, ohiko lanaldiaz gain ordu estrak egitera behartuak izan direla diote, langileen eta haien senitartekoen osasuna jokoan jarriz «esentzialak ginelako, erraten ziguten. Bada, funtsezkoa izateak lan-baldintza onak izatea ere erran nahi du, lan aitortua izatea». 

Honengatik, borrokan segituko dutela iragarri dute, eta asteartero eta ortzegunero elkarretaratzea eginen dute egoitzaren atarian 11:00etatik 11:30era. Enpresak haien aldarrikapenak aintzat hartzen ez baditu eta hitzarmen berri bat negoziatzeko prest agertzen ez bada, neurri berriak hartuko dituztela iragarri dute, «inolako borroka molderik baztertu gabe, ezta greba ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun