IDEA ulergaitzak diren erabakiak hartzen ari dela salatu dute Elizondoko zahar etxeko langileek

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 15a, 13:00
Elizondoko zahar etxeko langileek «enpresak eta instituzioek egoera serio har dezaten» eskatzen dute.Argazkia: Ondikol.

Prentsa oharrean zahar etxeko langileek pandemia baino lehen «hitzarmen kolektiborako» eskatzen zituzten «hobekuntza guztiak ukatu» zizkietela salatu dute. Orain, berriz, IDEA enpresak «ez du hitzarmenaz hitz egin nahi», negoziatzeko «inongo borondaterik» ez duela eta langileek «eskaerak anitz murriztu» dituztela erran dute. Bertzalde, IDEAk hurrengo hilabetean Zizurren zahar etxe berri bat irekiko duela iragarri du.

Elizondoko zahar etxeko langileek IDEA enpresak egunetik egunera «gehiago estutzen eta mehatxatzen» diela salatu dute. Langileek «ulertzen ez» dituzten «politika jokoen txotxongilo» sentitzen direla eta enpresak «planteatzen dituen neurriak zentzurik ez» dutela adierazi dute. Zahar etxearen egoeraz kezka duten herritar orori «egoeraren berri eman» eta «erne egon daitezen» eskatzen diete langileek. Aditzera eman dutenez enpresatik ezarri nahi dituzten neurriek «eragin handia» izan dezakete adinekoen zaintza-zerbitzuan. Eta argi dute ez daudela «hori onartzeko prest».

Aitzineko ortzegunean, otsailaren 11n, IDEAk bilera batera gonbidatu zituen langileak. Bilkura horretan «ERTE bat aurkeztu» eta langileak «langabeziara» bidaliko zituztela iragarri zuten. Aitzineko erabakiaz gain, «bertze neurri batzuk ere aurkeztu» zizkieten, «zein baino zein zentzugabeagoa».

Batere «zehaztu ez» zituzten neurri horiek hartuz, «ERTEari ostiko bat ematen ziotela» adierazi zuten IDEAko arduradunek. Baina, etorkizun batean «ERTErik ezarriko ez zutela ziurtatu gabe». Hortaz, langileek enpresak «ezkutuko ERTE bat» ezarri nahi duela «arazoari inongo soluziorik eman gabe» eta «etorkizuneko planteamendurik gabe» salatu dute.

Baztango zahar etxeko langileek enpresak «kontratuak ez berritu edo bajak ez ordezkatzeaz gain, mehatxatzen jarraitzen» duela erran dute. Langileek jakitera eman dutenez IDEAko arduradunek opor egunak «gure artean ordezkatzeko eskatzen digute; eta horrek dagokiguna baino ordu gehiago lan egitea dakar». Gainera, bajarik ez hartzeko «presionatzen» ari dieten bitartean, «ERTEra bidaltzeko mehatxua» egiten diete.

Elizondoko zahar etxeko langileek pandemiaren hirugarren olatu honetan zahar etxe batean ERTE bat ezarri nahi izatea «guztiz onartezina» dela salatu dute. Izan ere Baztango zaharren egoitzan langileak «falta» direla jakitera eman dute eta «inork ERTEra bidaliko ez» dituztela. Langileek argi dute «beharrezkoak» direla eta «gure xaharrek behar» dituztela baita «beraien ondoan» egonen direla ere. Jokoan dagoena «gure adinekoei arreta pertsonalizatu eta profesionala» ematea; «zaintza duin bat» eskaintzea eta beraien «lan baldintzak» dira.

Azkenik, otsailaren 14an, igandean 12:00etan Elizondoko Foruen plazan elkarretaratzea egin zuten eta bertan, Baztango biztanle guztiei «egoera honekin behingoz akitzeko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzera» dei egiten zieten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun