Erdizko meategiaren proiektuaz

Magnaren hitzaldietan «ez parte hartzeko» eskatu du Erdiz Bizirik plataformak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko api. 27a, 06:30

Erdiz Bizirik plataformako kideak eta Baztango hainbat nekazari astelehen honetako prentsaurrekoan. Argazkia: ONDIKOL

Magnak datozen asteetan kuartelka eginen dituen bilerak direla eta, Erdiz Bizirik plataformak Baztango hainbat nekazarirekin batera, prentsaurrekoa eman du astelehenean Elizondoko pilotalekuan. Magnaren bileretan «ez parte hartzeko» eskatu diete nekazari eta baztandar guztiei, parte hartuz gero «nekazariak proiektuarekin ados gaudela eta herri galdeketa ez dela beharrezkoa errateko erabiliko» dutelako.

Magnak Erdizko eremuetan egin nahi duen harrobi-proiektuarekin berriz hasteko asmoa duela jakinarazi zuen duela guti eta, Baztango Batzar Nagusiko ordezkariekin bilera egin ondotik, informazio-erronda bat egiteko asmoa zuela jakinarazi zuen, bere proiektua Erdizko larreetara euren aziendak bazkatzera eramaten dituzten abeltzainei aurkezteko. Denetara lau bilera antolatu ditu, bana Baztango kuartel bakoitzeko. Bilera horietan baserritarrei Erdizen abeltzaintza estentsiboa sustatzeko proposamena aurkeztu nahi die.

Magnak iragarritako bilerak direla eta, Erdiz Bizirik plataformak Baztango hainbat nekazarirekin batera, Magnaren egitasmoaz duten ikuspegia azaldu du.

Baztango nekazariek adierazi dutenez, «badakigu zer egin behar den Erdizen abeltzaintza estentsiboa sustatzeko: 100 hektareako zuloa larre hoberenetan ez egin, lur azpiko iturriak eta errekak ez hil eta inguruak errautsez, pistaz eta makinaz ez bete».

Baztango Batzar Nagusiak Erdizi buruzko herri-kontsulta egiteko hartutako erabakiaren aurrean, Magnari galdetu diote ea errespetatuko duen baztandarren erabakia, eta ea hitz ematen duen desjabetze edo UGPS prozesurik ez hasteko. «Aitzineko galde moduak erantzuten ez dituzuen bitartean ez dizuegu zilegitasunik onartzen inolako parte-hartze prozesurik egiteko, zeren badakigu zertarako erabili nahi dituzuen solasaldi ireki hauek: zuen proiektua nekazarion eta Baztandarron hitza errespetatu gabe inposatzeko».

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, «Erdizko larreetan bi aukera baino ez daude: Abeltzaintza edo meategia, bizitza edo heriotza, tokiko ekonomia edo multinazionalak». Erdiz Bizirik plataformak eta abeltzainek garbi utzi nahi izan dute meategiaren kontrako daudela, eta «Magnaren hitzaldietan ez parte hartzeko» deia egin diete baztandarrei. Izan ere, «badakigu Magnak bilera hauek parte-hartzea justifikatzeko, nekazariak proiektuarekin ados gaudela eta herri galdeketa ez dela beharrezkoa errateko erabiliko dituela. Hortaz eskaera hau egin nahi dizuegu nekazari eta baztandar guztiei: ez parte hartu jardunaldi hauetan!»

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun