Erdizko meategiaren proiektuaz

Magnak bilera informatiboetara deitu ditu Erdizko erabiltzaileak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 25a, 10:00

Magnak bere proposamena Erdizko erabiltzaileei azalduko die.

Apirilaren 29an Amaiurren, apirilaren 30ean Iruritan, maiatzaren 5ean Elizondon eta maiatzaren 7an Berroetan izanen dira

Erdizko larrea erabiltzen duten abeltzainek Magnesitas Navarras enpresak larre honetako abeltzaintza estentsiboa sustatzeko planteatutako proposamena ezagutzeko aukera izanen dute datozen bi asteetan kuartelka antolatu dituen bileretan. Proposamen horretan hainbat neurri planteatzen dira, Zubirin egoitza duen enpresak finantzatuta, «eta neurri horien bidez %60 ere emendatuko litzateke abelburu-kopurua hartzeko larrearen gaitasuna, Erdizen bertan eta inguru mugakideetan jarduketak gauzatuta, meatzaritza-proiektuarekin era bateragarrian».

Zehazki, bilerak gaztelaniaz eta euskaraz eginen dituzte, eta lau izanen dira. Apirilaren 29an, Amaiurko batzar-gelan izanen da (Baztangoiza kuartela), 19:00etan. Apirilaren 30ean, bilera 17:00etan eginen dute, Iruritako gizarte-etxean (Erberea kuartela). Maiatzaren 5ean, 19:00etatik izanen da bilera Elizondoko Arizkunenea kultur etxean (Elizondoko kuartela), eta handik bi egunetara, maiatzaren 7an, berriro ere 19:00etatik aitzinera eztabaidatuko dute proposamena Berroetako batzar-gelan (Basaburuko kuartela).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun