Erdizko meategiaren proiektuaz

Baztango Batzar Nagusiak Erdizi buruz galdeketa egiteko erabakia hartu du

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 7a, 14:00

Eztabaida sozial handia piztu du Erdizko egitasmoak. Argazkian, 2019ko Baztandarren Biltzarra bezperan egindako elkarretaratzea.

Magnak Erdizen egin nahi duen harrobiari buruz herri galdeketa egiteko erabakia hartu du Baztango Batzar Nagusiak apirilaren 6an egindako bilkuran eta, horretarako, beharrezkoa den ibilbide-orria finkatzeko batzordearen sorrera izendatu du. Batzordea osatuko dutenak Joseba Otondo Bikondoa, Xabier Torres Letona, Joseba Moreno Bidegain, Iñigo Iturralde Elizetxe, Pello Iriarte Zelaieta, Pello Obregozo, Miguel Etxandi Irigoien eta Iban Larratxea dira.

Erabakian horretan galdeketa egin ahal izateko egoki ikusten den eragileekin biltzea ere onartu dute eta Baztango herri-lurrei buruz erabakitzeko eskubidearen defentsa sendoa egitea. Erabakiaren alde 27 batzarkidek egin dute; Almandozko alkatea abstenitu da eta Navarra Sumak bozketan ez parte hartzea erabaki du.

Eztabaida sozial handiko afera

Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburuko batzarkideek aurkeztutako idatzian afera honek aurten egin duen bidearen laburpen bat egin dute. Honela, urtarrilaren 25ean Rouiller talde multinazionalarena den Magna enpresak Baztango Batzar Nagusiko kideen aitzinean meategiaren egitasmoa aurkeztu zuen, bereziki bazken inguruan zuen proposamena. Ondotik, otsailaren 25eko osoko bilkuran, Baztango udalbatzak Magnaren eskari berriaz erabakia hartu zuen, Magna laguntzeko nekazariekin egin nahi duen bileraren antolaketan.

Aitzinetik, orain hamar urte inguru, eztabaida sozial handia izan zen Baztanen Erdizko herri-bazkalekuan Magnak egin nahi zuen meategiaren egitasmoari buruz.

Horiek denak ikusita, Erdizkoak herri-bazkalekuak direla eta gaiak baztandarren artean pizten duen kezka bizia modu demokratiko eta gardenean kudeatu ahal izateko, ibilbide-orria finkatzea beharrezkoa da eta, hori, Baztango herri-lurren kudeatzailea den heinean, Baztango Batzar Nagusiari dagokio.

Horrela, ibilbide-orriaren norabidea, proiektuari buruzko herri-galdeketa loteslea behar luke izan izan. Eta horren arabera informazio eta eztabaida sozialerako egitaraua antolatu beharko litzateke. Baztango Batzar Nagusiaren gidaritzapean eragileei parte hartzeko aukera eskaini nahi zaie.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun