Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Baztango alkateak eta herrietako bertze zortzi alkatek bat egin dute Lekarozko Herriarekin

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 23a, 15:30

Lekarozen poliziaren presentzia itogarria gaitzetsiz eta lekaroztarrak jasaten ari diren jazarpena salatuz Lekarozko alkatetza taldeak herenegun publiko egin zuen aldarriarekin bat egin dute ohar baten bitartez Baztango alkateak eta bertze zortzi herritako alkateek.

Elkartasun agiria

Ezagutu berri dugu lekaroztarren eta baztandarren borondatea errespetatu gabe, Aroztegiko egitasmo urbanistikoaren lanak abiatu direla. Inposatutako lan hauei poliziaren etengabeko presentzia eta jazarpena gehitu behar zaizkio, Lekaroztik libre ibiltzeko aukera eragozten dutela, noiznahi ari baitira bertatik ibilki dena identifikatzera behartzen.

Lekaroztarrek salatu dutenez, Palacio de Arozteguía SL-k inguruko bide publiko guziak itxi ditu, herritarrei pasoa galaraziz. Bertzetik, irekita dauden bideetan, baita herrian barna eta herriko plazan bertan ere, ohikoa bilakatu da poliziaren presentzia, herritarrak han eta hemen identifikatuz eta mehatxatuz.

Nork nahi du horrelako egoera bere herrian?


Urteak dira iduritsuko egitasmo bat aurkeztu zela Kisuko lurretan, Amaiur aldeko Arizkungo lurretan. Ez zen proiektu egokia Baztanerako. Orduan garai hartako erakundeek bat egin zuten Arizkungo eta Amaiurko batzarreek adierazitakoarekin. Egun, eremu horretan Baztani egokitzen zaion eta bideragarria den proiektu bat dago, sagar ekologikoei dagokiena.

Aurreko kasuari helduz, beraz, zergatik kasu honetan ez zaie lekaroztarrei euren hitza errespetatu? Nork sinistu eta defendatu dezake inposatutako proiektu urbanistikoa herriaren mesederako dela? Lur zabal eta aberats eta historiaz betetako eraikinaren jabea den Palacio de Arozteguía SL ez da duenarekin konformatzen. Bere ondasun gosean bertze jabeen lurrak bere menerako nahi ditu eta baztandar guziona den lur komunala ere bai. Pizti bat bihurtu da Palacio de Arozteguía SL, bere ondasun gose ase ezinean, munstro bat. Hemen afera ez da hotela bai edo ez, edo golfa zertarako, edo etxeak soberan daudela. Hemen afera da enpresa honek den-dena nahi duela beretako, berea ez dena ere bai. Eta horrelakoei ALTO eman bertze biderik ez dago.


Lekarozko alkatetza taldeak egin bezala, eta beren iniziatiba gurea eginez, nahi duguna da gure elkartasuna helarazi herriko bazterrak defendatzeagatik nolabaiteko jazarpena jaso ahal izan duen pertsona orori. Herritarrak Lekarozko herriarekin bat egin dezaten deitzen ditugu, baita maiatzaren 15ean, 17:30ean, eginen den manifestazioan parte hartzera ere.

LEKAROZEK BIZI BEHAR DU, BAZTANEK BIZI BEHAR DU, AROZTEGIA GELDITUKO DUGU!

Sinatzaileak:

  • Erratzuko alkatea: Kaiet ITOITZ IBARRA
  • Arizkungo alkatea: Imanol ETXEBERRIA ANTXORENA
  • Amaiurko alkatea: Ixabel ALEMAN IRUNGARAI
  • Anizko alkatea: Kristina FERNANDEZ PEREZ
  • Berroetako alkatea: Carlos GARAIKOETXEA ELSO
  • Oronoz-Mugairiko alkatea: Jorge OTEIZA UGARTE
  • Arraiozko alkatea: Joxelu RETEGI ITURBIDE
  • Iruritako alkatea: Pello IRIARTE ZELAIETA
  • Baztango alkatea: Joseba OTONDO BIKONDOA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun