Orain dela pare bat aste hasi ziren Aroztegiko lanekin, «horrelakorik egiteko behar diren baimen guztiak eduki ez arren. Izan ere, 2019ko uztailaren 23an Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen lanak esleitzeko prozedura», Lekarozko kargodunen erranetan. «Hala ere, aipatu sententziari kasurik egin gabe, lanekin hasi dira eta hamarnaka arbola bota dituzte dagoeneko, bertzeak bertze, ehunka urte zituzten haritzak. Horrekin batera, edota horrelako suntsipenak altxapean egin ahal izateko, inguruko bide publiko guztiak itxi dituzte, herritarrei pasoa galaraziz», gaineratu dute.
Bertzetik, irekita dauden bideetan, baita herrian barna eta herriko plazan bertan ere, «ohikoa bihurtu da poliziaren presentzia, herritarrak han eta hemen identifikatuz eta mehatxatuz».
Hori dela eta, Lekarozko alkatetza taldetik «poliziaren presentzia itogarria eta herritarrak jasaten ari diren jazarpena» salatu nahi dituzte eta, bide batez, «gure elkartasuna helarazi gure herriko bazterrak defendatzeagatik nolabaiteko jazarpena jaso ahal izan duen pertsona orori».
«Lekarozek bizi behar du, Aroztegia geldituko dugu!» aldarrikatuz akitu dute bere oharra.