EH Bilduk bere botoa azaltzerakoan erran zuen «N-121-A errepidea Oronoztik Iruñerat, puntu beltzak kenduta ona» dela, duen arazoa «gehiegizko trafikoa» dela eta «gehiegizko trafiko hori nazioarteko zamaren garraioa» ekartzen duela. Horregatik, bertze behin, nazioarteko zama garraioa desbideratzearen beharra aipatu zuen.
EH Bilduren erranetan, muga batetik aitzinerat errepide edo komunikazio azpiegitura berrien egiteak ez dakar inongo aitzinamendu ekonomikorik, «gaurgero frogatu ahal izan den bezala. Dinamismo ekonomikoan eragiten duen alderdiak aunitz dira; eta gaurgero ernea den nornahik dakien bezala, autobia = dinamismo ekonomikoa ez da beti egia. Nafarroa Beherea horren adibidea izaten ahal dugu, horko errepideen azpiegiturak gurearekin ez du deus ikustekorik, baina ekonomikoki ingurune bizia da, bertzeren artean jendeen laneko formazioan egiten duten eginahalagatik».
Koalizio abertzalearen iritziz «2021ean autobia egin nahi izatea garaiaren kontra joatea da». Izan ere, Europako Batasunak karbono neutraltasuna 2050. urterako legez paratu berri du eta 2030erako berotegi gasen isurketa %55 murriztu nahi du. Nafarroako Klima aldaketaren ibilbide orriak aipatzen duenez, 2016an garraioen sektorea izan zen energiaren kontsumo handiena egin zuena herrialdean, errepide bidezko garraioak energia fosilen %52 kontsumitu zuen eta petrolio eratorrien %82».
Testuinguru horretan, «munduko 40 agintari beroketa klimatikoaz eta berotegi gasen isurketak murrizteaz mintzatu» direnean, Navarra Sumak «autobide gehiago eta erregai fosil gehiago» planteatzea deitoragarria da EH Bildurentzat.
«Europan salgaien %18 inguru trenez garraiatzen da, Austrian %42, Suedian %28 edo Alemanian %23. Nafarroan %1,6 bakarrik. Eta Navarra Sumak autobietan eta erregai fosiletan du burua», salatu zuen Joseba Otondo alkateak.
«Ekonomia birtokiratu behar da, salgaien mugimendua murriztu, energia-ardatz elektrikora bidea egin… eta aurrekontuak horretara bideratu; ez autobideetarat», nabarmendu zuen EH Bilduk.